EBri eskatu diote errefuxiatuen aurkako «zigor kolektiboa» eteteko

Mugarik Gabeko Medikuek salatu dute migratzaileek «giza tragedia» bizi dutela Europan

Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Beste alde batera ez begiratzeko eta itxurakeriak amaitzeko eskatu die MSF Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak Europako agintariei. GKEko presidente Christos Christouk gutun irekia bidali die EB Europako Batasuneko gobernuei eta Europako Batzorde berriari, Greziako irletan, errefuxiatuen kanpalekuetako egoera zein den jakiteko bidaia egin ostean. Hango egoera ikusita, Christouk ziurtatu du migratzaileek «zigor kolektiboa» eta «giza tragedia» bizi dutela EBko lurretan.

«Egoera alderagarria da ezbehar naturalek kalteak eragin dituzten munduko beste toki batzuekin edo gerra eremuekin. Asaldagarria da halako baldintzak Europan ikustea, ustez segurua den kontinente batean, eta kontziente izatea jakinaren gainean hartutako erabaki politikoen ondorio dela», gaitzetsi du MSFko presidenteak.

Ohartarazi duenez, kanpaleku horietan migratzaile ugari dago muturreko egoera pairatzen: haurrak, tortura egoerak jasandakoak, indarkeria matxistaren biktimak eta bestelako egoera larriak bizi dituztenak. Greziako Gobernuak, baina, ez ditu horien beharrak aintzat hartzen. Kanpalekuetan «larrialdi egoera jarraitua eta sufrimendu egoera endemikoa» errotu dira, MSFren arabera. Christouk nabarmendu du egoera hori migratzaileak Greziako irletan ixteko erabakiaren ondorio zuzena dela, eta gaineratu du 2016an EBri ohartarazi ziola Turkiarekin sinatu berri zuen akordioak eragingo zituen kalte humanitarioez.

«Azken lau urteetan, egoerak okerrera besterik ez du egin. Azken hiru hilabeteetan, emakume bat, ume bat eta bederatzi hilabeteko haur jaioberri bat hil dira Moriako baldintza arriskutsu eta izugarriengatik eta arreta egoki baten faltarengatik.

Neurri gogorragoak

GKEak salatu du EBk Turkiarekin hitzartua duen akordioa zurrunago betetzeko eskatu duela, indarrean dauden migrazio politikoen «kostu humanoa» aitortu beharrean. Neurri gogorragoak ezartzeko urratsak iragarri direla ere nabarmendu du. Esaterako, kanpalekuak «atxilotze zentro masibo» bihurtzeko eta deportazioak azkartzeko Greziako Parlamentuak onartutako planak. MSFk EBri eskatu dio egoerarik zaurgarrienean dauden migratzaileak lekualdatzeko, Greziako zentroetatik Europako beste estatu batzuetako gune seguruetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.