ander perez zala
AEBetako hauteskundeak. ANALISIA

AEBetako alderdien muturrak

2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Joe Biden azken bi hamarkadetako alderik handienaz gailenduko zaio Donald Trumpi; bost milioi botokoa da aldea (oraingoz), eta, joerak bere horretan jarraitzen badu, 1932ko bozetatik izandako babesik handiena bilduko luke Bidenek; hori guztia, parte hartzean izandako gorakadari esker.

Modu batera esatearren, kopuru horiek badute tranpa bat: zenbateraino irudikatzen dute egiazko babesa? Horien atzean dagoen faktoreetako bat demografia da, biztanleria nabarmen handitu baita, eta, politikoki, demokrataren aldeko botoetako milioika Trumpen aurkakoak izan baitira, bere aldekoak baino gehiago.

Errepublikanoaren aldeko babesa ere handitu egin da 2016koarekin konparatuz gero, eta hori onartu beharreko errealitate bat da. Alderdi Errepublikanoak jakin izan du bere eskuinean, bere muturrean dagoen sektorea xurgatzen, irensten; duela lau urte garaipena lortzeko, aurten boto kopurua handitzeko, Senatuaren kontrolari eusteko eta Ordezkarien Ganberako tartea txikitzeko.

Alderdi Demokrata, aldiz, ez da gai izan bere ezkerrean, bere muturrean duen sektorearekin gauza bera egiteko. Hori da datozen urteetarako erronka. Gogoratu: Trump presidente afro-amerikar baten eta emakume hautagai baten aurrean emandako erantzuna izan zen. Datozen urteetan Bidenek ezin badu karguan jarraitu, hura ordezkatuko duena emakume asiar-amerikar bat izango da, Kamala Harris.

Ez ahaztu AEBetan dauden misoginia eta arrazakeria. Trumpismoak bizirik jarraituko du hautesleen oinarrian, eta Alderdi Errepublikanoak kontuan hartuko du hori. Bizirik ateratzeko, demokratek ezkerrean dituztenei kasu gehiago egin beharko diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.