Koronabirusa

Azken bi hilabeteetako kasu kopururik handiena zenbatu dute Hegoaldean

Beste 929 positibo atzeman dituzte astearteko testetan. Nafarroako Gobernuak itxiera perimetrala jarriko du Cadreitan bi astez, bihar hasita

Koronabirusa detektatzeko baheketa Lazkaon (Gipuzkoan), joan den martxoaren 25ean. JON URBE / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2021eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Bistakoa da kutsatzeen goraldia. Otsailaren 6tik aitzina erregistratu den positibo kopururik handiena izan da Hego Euskal Herrian, eta egun bakarrean zenbatutako kasuak milakotik hurbil dira berriz ere. Zehazki, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, asteartean 10.844 test egin ziren Hegoaldean, PCR probak eta antigeno testak kontuan izanik, eta horien guztien %8,6k eman zuten positibo: 929 kasu izan ziren.

Halaber, egunetik egunera izan daitezkeen gorabeherez gain, transmisioaren larriagotzea aise sumatu daiteke azken bi asteetako bilakaerari so eginez gero: azken hamalau egunetan batez beste 721 positibo detektatu dira egunean Hego Euskal Herrian. Duela hilabete, hau da, martxoaren 7an, batezbestekoa 392 zen.

Herenegungo zenbaketak lurraldeka aztertuta, Bizkaian atzeman zuten positibo gehien: hangoak izan ziren Hego Euskal Herriko 929 kasuetako 348. Gipuzkoan, berriz, 282 zenbatu ziren; Nafarroan, 198; eta Araban 93 detektatu zituzten.

Azken datuen arabera, birusaren transmisioak Hegoaldeko lau lurraldeetan du goranzko joera, eta osasun agintariak zenbait neurri ari dira hartzen hura geldotzeko. Nafarroan, gobernuak itxiera perimetrala ezarriko du Cadreitan, bi astez, bihartik hasita. Hortaz, Erriberako hiru udalerri daude itxita dagoeneko: Milagron eta Arguedasen joan den astean hartu zuten neurri hori.

Bestalde, Osakidetzak eta Osasunbideak 83 lagun erietxeratu zituzten atzo birusaren sintomak larriagotuta. Horiek aintzat harturik, gaur egun guztira 627 pertsona daude ospitaleetan. Azken lau egunetan nabarmen egin du gora erietxeraturik daudenen zenbatekoak. Apirilaren 3an ia 100 lagun gutxiago ziren: 532.

Oraintxe bertan 499 gaixo dira gela arruntetan ospitaleraturik, eta, gainera, 128 paziente larri dira ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan.

Hildako gutxiago

Nafarroako Gobernuak birusarekin loturiko beste heriotza baten berri eman zuen atzo: 72 urteko gizonezko bat hil zen gaitzak jota. Foru gobernuak ez bezala, Jaurlaritzak astean behin eguneratzen ditu heriotzei buruzko datuak; gaur argitaratuko du txostena.

Halaber, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiak arduratzen dira herrialdeetako zahar etxeetako heriotzen gaineko informazioa zabaltzeaz: martxoaren 1etik inor ez da hil birusaren ondorioz egoitza horietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.