Lankide bati egin erasoa salatu dute Aguilera klinikako osasun langileek

Geroz eta indarkeria kasu gehiago pairatzen dituztela arbuiatu dute protesta batean. Baliabide gehiago galdegin dizkiote zuzendaritzari

Aguilera klinikako langileek greba piketea egin zuten atzo goizean. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Miarritze
2022ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Greban izan ziren atzo Miarritzeko Aguilera klinikako (Lapurdi) osasun langileak, eta larrialdi zerbitzua hetsirik egon zen. Dozenaka langile bildu ziren goizeko greba piketean, iragan asteartean lankideek jasandako erasoa salatzeko. Izan ere, Baionako Aviron errugbi taldeko kide bat eta kide ohi bat atxiloaldian ezarri zituzten, asteartean Aguilera klinikan erizain bat jo eta konorterik gabe utzi ondoren —auzia izanen dute ondoko hilabeteetan—. Osasun langileek salatu dute geroz eta indarkeria kasu gehiago pairatzen dituztela, eta, «behar bezalako neurriak» hartzea galdegin diote zuzendaritzari.

CFDT sindikatuko Nicolas Sorredak esplikatu zuen asteartean erizain bati, erizain laguntzaile bati eta agente bati bortizki eraso egin zietela. Bi erasotzaileak «alkoholizatuta» zeudela eta langileek «ikaragarrizko bortizkeria» jasan zutela azaldu zuen Sorredak. Osasun langileak oraindik shock egoeran daude, eta horietarik bi oraino lan geldialdian dira zauriengatik.

«Ez da lehen aldia indarkeria pairatzen duguna gure egituran; geroz eta gehiagotan gertatzen da, eta geroz eta bortitzagoa da», salatu zuen, halaber. Hala, zuzendaritzari eskatu zioten «behar bezalako neurriak» hartzeko. «Neurri egonkorrak behar ditugu gure lankideen osasuna eta segurtasuna bermatzeko», aldarrikatu zuten.

Gisa bertsuan mintzatu zenFO sindikatuko Fanny Braccini ere: gertatutakoa gaitzetsi zuen, eta langile eskasiaren arazoa gogora ekarri. «Jendea artatzeko gara hor, ez indarkeria jasateko. Gainera, badakigu lankide bat gutxiago izateak tentsio egoera handiak ekartzen dituela, osasun langileak falta baitira».

Zuzendaritzaren erantzuna

Maxime Romain klinikako zuzendaria ere bildu zen protestara, eta «mobilizazioari sostengu osoa» helarazi zion. Segurtatu zuen zuzendaritzak neurriak hartuko dituela. Izan ere, datorren urtean berrituko dute larrialdi zerbitzuen egoitza, eta hitzeman du segurtasun neurriak izanen direla: kamerak, segurtasun ateak, zaintzaile bat... «Badakigu indarkeria ezin dela arrunt aurreikusi, baina gure langileen segurtasuna babestea dagokigu», erran zuen. Halere, Romainek onartu zuen indarkeria egoera oro ezin dela «aurreikusi» eta erran zuen «segurtasun neurri guzien gainetik, hein horretako bortizkeria ezin dela beti gelditu». Anartean, begirale bat ezarri dute larrialdi zerbitzuetako atarian.

Battuten «barkamena»

Baionako Aviron errugbi taldeko gaur egungo entrenatzailearen laguntzaile Antoine Battut eta prestatzaile fisiko ohi Cyril Gomes dira erasoarengatik Poliziak atzemandakoak. Behin-behinean aske gelditu dira, auzia egin arte. Baionako Aviron taldeak agiri bat plazaratu zuen gertakarien ondotik, eta neurriak hartu beharko balira hartuko dituela zehaztu.

Bestalde, Battutek «barkamen» mezu bat zabaldu du sare sozialetan. «Burua galdu dut, ez dakit nolaz. Barkamena galdegin nahi diet denei. Badakit huts egin dudala», erran du txio batean. Halaber, gertakariak nola iragan ziren berretsi du, eta aitortu berak eman zuela lehen ukabilkada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.