«Bere burua baztertzea» egotzi dio Txibitek Navarra Sumari

joxerra senar
Iruñea
2020ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Nafarroako Parlamentuko atzoko kontrol saioan, gobernuak aktualitateko galderei erantzun zien. COVID-19aren kudeaketaren auziaz gain, bizikidetza planaren nondik norakoek ere hautsak harrotu zituzten, batik bat Navarra Sumaren eta gobernuaren artean. Saioan, eskuineko koalizioak galdetu zuen ea egungo gobernuak aurrekoaren «politika sektario eta baztertzaile berarekin jarraitzeko asmoa» duen. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariaren ustez, Navarra Sumak oraingo gobernua eraisteko helburua besterik ez du, eta bide horretan «bere burua baztertzea» egotzi dio.

Izan ere, bizikidetzaren planaren lanketa hasi berri den honetan, taldeek gaiari buruz dituzten ikuspegiak eta ekarpenak biltzeko mahaia osatu du gobernuak, baina hasi eta berehala altxatu da eskuineko koalizioa.

Atzo, Iñaki Iriarte Navarra Sumako parlamentariak azaldu zuen hasieran konfiantza botoa eman nahi izan ziotela egitasmoari. Gizarte eragileen iritziak biltzerakoan, gaitzetsi zuen eskuineko pertsonarik ez duela kontuan hartu gobernuak, eta ETAren biktimen elkarteei ez zaiela jaramonik egin; aldiz, gizartearen beste zati batek «gehiegizko ordezkaritza» izan duela uste du. Haren irudiko, aurreko gobernuaren ildo beretik doa egungoa: «Navarra Sumak ez du zertan elkarbizitzarako urratsik egin. Guk ez dizuegu egoitzetan pintaketarik egiten, edo Iruñeko hautetsiek ez dute guregatik ihesean atera behar».

Txibitek «gezurra esatea» leporatu zion Iriarteri. «Proiektu bati ekin aurretik albo batera egin du Navarra Sumak, eta bi arrazoi baino ez daude horretarako: sektarismoa edo estrategia politikoa». Txibiteren ustez, Navarra Sumak gai hori erabili nahi du gobernua eraisteko helburuarekin, gizartean tentsioa eraginez eta gezurra esanez. Gaineratu zuen egitasmo horren lanketan ETAren biktimekin eta ideologia guztietako elkarteekin lanean ari direla. «Navarra Sumari eskatu diogu proposamenak mahai gainean jar ditzala, baina, ohi duen moduan, nahiago izan du konpromiso horri ihes egin, jarraian salatu ahal izateko ez direla kontuan hartuak izan».

Plana oraindik abiapuntuan badago ere, Txibitek nabarmendu zuen «harresiak altxatu ordez, zubiak luzatuko dituen bizikidetza» bultzatu nahi dutela, eta baztertuko ez duen gizarte bat eraiki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.