Espejo guardia zibila mailaz igo izana salatu dute EAJ, EH Bildu eta EP-IUk

Espainiako Gobernuak biktimak «umiliatu» dituela adierazi dute agiri instituzional batean. PSEk «errespetua» agertu dio Zabalzaren sendiari

Iñigo Iturrate (EAJ), Julen Arzuaga (EH Bildu) eta Gustavo Angulo (EP-IU), atzo, adierazpena aurkezten. BERRIA.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2023ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak Mikel Zabalzaren kasuarekin lotura izan zuen Arturo Espejo Valero guardia zibila mailaz igo izana gogor kritikatu dute EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk, adierazpen instituzional batean. Hiru taldeek agiri bat hitzartu dute Eusko Legebiltzarrean, eta Iñigo Iturratek (EAJ), Julen Arzuagak (EH Bildu) eta Gustavo Angulok (Elkarrekin Podemos-IU) agerraldi bateratua egin dute horren berri emateko.

EAJ, EH Bildu eta EP-IU oso kritiko agertu dira Espainiako Gobernuaren erabakiarekin. Hiru taldeek sinatutako agirian, gogoratu dute gehiengoa dutela Eusko Legebiltzarrean, eta ez dutela begi onez ikusten Madrilen erabakia, Espejo Mikel Zabalzaren kasuarekin lotuta egon zelako.

Zabalzaren desagerpenarekin eta torturekin nahastuta egon zen Arturo Espejo guardia zibila, 1985. urtean. Espainiako Gobernuko Defentsa eta Barne ministerioek, baina, mailaz igotzea erabaki zuten joan den urtean: Guardia Zibilaren teniente jeneral eta Guardia Zibileko Sostengu Agintaritzako buru izendatu zuten. Mailaz igotzeko erabakia iaz hartu bazuten ere, duela gutxi jakin da berria.

Espainiako Gobernuaren erabakia gogor gaitzetsi dute EAJk, EH Bilduk eta EP-IUk testuan, eta gogoratu dute Eusko Jaurlaritzakbiktima gisa aitortua duela Mikel Zabalza, Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelean atxilotuta zegoela sufritutako torturengatik. Adierazpenean diote Espainiako Estatuaren indarkeria pairatu duten biktimei erreparazioa emateko 12/2016 legearen arabera aitortu zuela Jaurlaritzak biktima gisa, eta horrek auzitan jartzen duela Espainiako Gobernuak bere garaian Zabalza kasuari buruz emandako bertsioaren «sinesgarritasuna».

Era berean, salatu dute Espejo guardia zibila mailaz igotzeko erabakia ez dela kasu bakarra: «Zoritxarrez, estatuko indarkeriaren egileei emandako maila igoeren, kondekorazioen eta sarien beste kasu bat da». Agiriaren sinatzaileen ustez, erabaki horrek biktimak «umiliatzen, iraintzen eta berriro biktimizatzen» ditu. Horrez gain, hiru alderdiek «babesa eta aitortza» adierazi diete estatuaren biktimei, eta erreparaziorako dituzten eskubideei «errespetua» agertu.

PSE-EEren oharra

EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk adierazpen instituzionala plazaratu eta gutxira, PSE-EEk ohar bat kaleratu du Mikel Zabalzaren sendiari «errespetua» eta «elkartasuna» agertzeko. Sozialistek konpromisoa azaldu dute «terrorismoaren eta biolentziaren» biktima ororen erreparazioarekin eta justiziarekin, «baita poliziaren gehiegikeria eta abusuen biktimekin ere».

Halaber, sozialistek gogora ekarri dute Eusko Jaurlaritzak «motibazio politikoko» biktimatzat aitortu duela Zabalza, baina sozialistek oraindik «osatu gabe» dituztela kasu hark irekitako «zauriak». Zabalzarena bezalako beste kasu batzuk argitzeko eskaerekin bat egin dute, era berean. Esan dute PSE-EEk «hamarkadak» daramatzala indarkeriaren biktima guztien alde lanean, eta beti egongo dela haien ondoan. Halere, argi utzi dute ez dutela biktimak parekatzeko asmorik, eta indarkeria mota guztiak arbuiatzen dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.