PPk EAJri ohartarazi dio ez direla izango jeltzaleen «babo erabilgarriak»

PFEZa murriztearekin lotu du PPk kontuen negoziazioa. Elkarrekin Podemosek neurri «zehatzagoak» eta «eraldatzaileagoak» eskatu ditu

Anton Danborenea PPko legebiltzarkidea eta Pedro Azpiazu Ogasun sailburua, atzo, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Maider Galardi
2019ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren 2020ko aurrekontuak onartzeko negoziazioak abian dira jada. Atzo hasi zuen Jaurlaritzak oposizioarekiko bilera sorta, eta Pedro Azpiazu Ogasun sailburua izan zen PPko eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariekin, akordio posibleez aritzeko. EH Bildurekin, berriz, uztailaren 2an elkartuko dira. Elkarrekin Podemosek «zehaztasun» handiagoa eskatu zion Azpiazuri. PPk, aldiz, negoziazioak presio fiskala murriztearekin lotu ditu, eta EAJri ohartarazi dio ez direla izango jeltzaleen «babo erabilgarriak». Edonola ere, EAJk eta PSEk osatutako gobernu koalizioak ezin ditu bakarrik onartu aurrekontuak; izan ere, 37 ordezkari dituzte, eta oposizioak, berriz, 38. Halaber, kontuek aurrera egiteko nahikoa litzateke PPko, Elkarrekin Podemoseko edo EH Bilduko kideren baten abstentzioa.

PPko Anton Daborenea eta Laura Garrido bildu dira Azpiazurekin. Berez, aurrekontuen zirriborrorik ere ez dago —hala esan zuen Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak herenegun—, baina Azpiazuk oinarri batzuk aurkeztu dizkie, Danboreneak azaldu duenez. Horregatik, PPk eskatu du PFEZ errenta zerga murrizteko neurriak jaso ditzala proposamenak, eta Danboreneak esan du hala ez bada bere alderdiak ez duela babestuko erreforma fiskalik. Oroitarazi du, gainera, PSErekin eta EAJrekin egindako akordioan adostu zutela udal eta foru hauteskundeen ostean, PFEZaren berrikusketaz arituko zirela: «Joan dira hauteskundeak, eta orain erreformaz hitz egiten hasi behar dugu akordioren batean sartzea nahi badute».

Gainera, Danboreneak ohar bat egin du: «Jai dute PPkoak babo erabilgarriak izango garela uste dutenek. Zergak ordaintzen dituen jendeak eskubidea du bere errenta hazteko». Hortaz, bai EAJri eta baita PSEri eskua luzatu die kontuak babesteko, zerga sistemaren inguruko neurri horiek kontuan hartuta.

Elkarrekin Podemoseko Lander Martinezek, berriz, neurri «zehatzagoak eta eraldatzaileagoak» eskatu dizkio Jaurlaritzari. Euskal Autonomia Erkidegoko «desberdintasun sozialak murrizteko» bideak abia ditzala eskatu diote Elkarrekin Podemosekoek Jaurlaritzari. Martinezek zehatz azaldu du: «Gure apustua da ezberdinkeriak sorten dituzten elementuak deuseztatzea. Aspirinak erabiltzea ez da aski».

Edonola ere, Jaurlaritzari eskatu diote «zenbakitan» jartzeko haien proposamena, eta kontuan hartzeko Elkarrekin Podemosek egin duela eskakizuna. «Orain, pilota haien teilatuan dago», ohar egin du Martinezek.

EH Bilduren oharra EAJri

Datorren astean bilduko da EH Bildu Azpiazurekin, bainaindar abertzaleak ohar egin die dagoeneko: «Kontsentsuak arriskuan daude orain», nabarmendu du Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak. Izan ere, Jaurlaritzak bihar onartuko du —EAJren, PSEren eta PPren babesarekin— DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren erreforma egiteko lege proposamena, eta EAJri eta PSEri leporatu diete «eskuin xenofoboarekin» akordioak egitea: «Oso bide arriskutsua da», ohar egin du Kortajarenak. Oposizioko gainontzeko alderdiekin lan egiteko eta proposamen «serioa» egiteko ere eskatu diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.