ELA eta LABek eskuinaren oldarraldiari aurre egiteko beharra azpimarratu dute

ELAren ustez, «itxita» daude euskal nazioaren aitorpenaren alde landu diren bideak. LABen iritzian, ezker subiranismoa indartu behar da

joxerra senar
2019ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Igandeko Aberri Egunera begira, adierazpen bat kaleratu zuen ELAk atzo, eta beste bat LABek; horietan, eskuinaren oldarraldiari aurre egiteko beharra azpimarratu dute. ELA «kezkatuta» dago ikusita zer gorakada izan duen eskuin muturrak Europan etaEspainiako Estatuan; «hala ere, kezkagarria da betiko ezker eta eskuinak defizit demokratiko askori ez ikusiarena egitea ere». LABen ustez, eskuin muturraren goraldiari aurre egiteko euskal ezker subiranismoa indartu beharra dago eta eraldaketa sozialarenaldeko aliantzak sendotu.

ELAren ustez, «aliantza abertzale egonkorrik ez egoteak» murriztu egiten du lan munduak askapen nazionalean, kulturalean zein sozialean egin dezakeen ekarpena. Aliantza hiru oinarriren gainean eztabaidatu behar da, ELAren arabera: mugimendu sindikalaren autonomiak ezkerra indartzen duela, aliantzak aliatu guztiak sendotu behar dituela eta ekintza sindikalerako erresistentzia kutxak beharrezkoak direla.

EAJrekin kritiko

Aurki 40 urte beteko ditu EAEko estatutuak, eta, ELAren iritziz, epe horretan egindako bideak «behin betiko itxi dira»: batetik, borroka armatuak porrot egin zuen; bestetik, aitorpen nazionalerako bide posibilistak ere porrot egin du, eta horren adibide dira Ibarretxe plana edo 2006ko Kataluniako estatutua. Kritiko azaldu da Kataluniako prozesuaren aurrean Iñigo Urkulluren Jaurlaritzak eta EAJk izandako jokabidearekin, «EAEn antzeko prozesurik ez duelako nahi». Nafarroan «urrats ukaezinak» egin direla nabarmendu du, baina, Espainiatik exijitutako aurrekontu mugak bere horretan onartzea deitoratu du: «Horregatik dago CEN patronala pozik».

Adolfo Muñozen lekukoa hartu ondotik, aurreneko Aberri Eguna izango du Mitxel Lakuntzak ELAko idazkari nagusi modura.

LABen Nazio Biltzarrak ostiralean onartu zuen agiria, etaGarbiñe Aranburu idazkari nagusiak atzo ezagutarazi edukia. Sindikatuaren ustez, sistema kapitalista krisian egonagatik, munduan«faxismoaren gorakada eta kapitalismoaren oldarraldia» dago. Estatuan, Vox alderdiak «eskuina gero eta eskuinerago eraman du». Horregatik, eraldaketa sozial eta nazionalaren aldeko indarrak biltzeko unea dela uste du, aliantzak bilatuz. «Halako inboluzio bati aurre egiteko, demokratizazioaren bidean pausoak eman behar dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.