UGTk eta CCOOk grebari eutsiko diote Mercedesen, batzordeak onartu ez arren

ELA, LAB eta ESK prest daude mobilizazioak babesteko, baina batzar orokorrera deitu nahi dute aurretik. Etzi bilduko dira zuzendaritzarekin

Furgoneta berriak Gasteizko Mercedes Benz lantegiaren kanpoaldean, aurreko astean. DAVID AGUILAR / EFE.
aitor biain
Gasteiz
2022ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Gasteizko Mercedesen lan hitzarmen berria adosteko negoziazioek blokeatuta segitzen dute gaur-gaurkoz. UGTk eta CCOOk jakinarazi dute aurreko astean iragarri zituzten mobilizazioei eutsi egingo dietela, nahiz eta ez duten langile batzordearen gehiengoaren babesa jaso. Bi sindikatuek ordubeteko bi lanuzte eta bost greba egun antolatu dituzte ekainerako eta uztailerako, baldin eta zuzendaritzak ez badu lan hitzarmenaren inguruko beraien proposamena aintzat hartzen. ELAk, LABek eta ESK-k adierazi dute, berriz, testu horrekin bat egiten ez duten arren prest daudela greba babesteko, baina batzar orokorrera deitzea nahi dute aurretik.

Langile batzordeak ezohiko bilera izan zuen atzo, negoziazio plan berriaren inguruko xehetasunak ezagutu ondotik. Izan ere, zuzendaritzak aurreko astean jakinarazi zien sindikatuei konpainiak 1.200 milioi euroko inbertsioa egingo duela Gasteizko plantan datozen urteetan. Horrek bide emango lieke, besteak beste, egungo ahalmena bikoiztu, modelo berriak ekoiztu —auto elektrikoa barne—, eta lanpostu berriak sortzeko. Bestela esanda, Euskal Herriko lantegirik handiena are handiago bilakatzeko.

Malgutasuna, gako

Enpresak modu horretan askatu nahi du lan hitzarmenaren korapiloa. Zuzendaritzak aurreratu baitu akordioak ez duela bermatuko inbertsioak iristea, baina uste du erraztu egingo lukeela. Trukean, ordea, lan baldintzetan malgutasun handiagoa eskatu die langileei, eta horrek zatiketa eragin du langile batzordean.

UGT eta CCOO malgutasuna handitzeko prest azaldu dira, eta hala jakinarazi diote zuzendaritzari igorritako proposamenean ere. Baina eskatu dute, besteak beste, soldata KPIa +%1 igotzea 2021 eta 2026 bitartean, ekoizpen helburuen araberako ordainsaria %50 handitzea, irailean 1.000 euroko beste ordainsari bat jasotzea, eta behin-behinekotasuna murriztea.

ELAk, LABek eta ESK-k, berriz, iritzi diote urtean zehar izan daitezkeen ekoizpen goraldiei erantzuteko adina malgutasun badaukatela gaur egun. Izan ere, Igor Gebara (ELA) langile batzordeko presidenteak gogorarazi duenez, ohiko lan jardunaz gain urtean beste hamalau egunez egin dezakete lan ekoizpen beharrei erantzuteko, baita urteko larunbat guztietan ere.

Hiru sindikatuak ez daude ados asteburuetan eta jaiegunetan lan egitearekin, eta, gainera, uste dute lan eredu hori luzatzea «diskriminatzailea» izan daitekeela etorkizuneko beharginekiko. Gebarak azpimarratu duenez, ekoizpena handitzekoak badira, ezinbestekoa izango da lanpostu berriak sortzea. «Esperientziak erakutsi digu malgutasunak ez duela enpleguan eraginik, hilabete batzuetako ekoizpena beste hilabete batzuetara aldatzen delako soilik, eta horrek ez du enplegua sortzen».

Egoera ikusita, ELAk, LABek eta ESK-k beharrezkoa ikusten dute langileen batzar orokor bat egitea, «batzordean dauden jarrerak azaltzeko, negoziazioak zertan diren langileei jakinarazteko, eta zein norabidetan joan nahi den erabakitzeko». Bada, ostegunean bilduko dira berriz zuzendaritza eta sindikatuak lan hitzarmena negoziatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.