Urkulluk autogobernua laudatu du Jaurlaritzaren 40. urteurrenean

Lehendakariarentzat, «babesa eta ongizatea eskaini dituzte» Jaurlaritzaren instituzioek. «Euskadi bidezkoago bat» eraikitzera deitu du

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, atzo, Ajuria Enea kanpoaldean hitzadia ematen. IREKIA.
Igor Susaeta.
2020ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritza eratu zutenetik berrogei urte bete ziren atzo, eta koronabirusak eragindako krisian «autogobernuaren erakundeen garrantzia» nabarmendu zuen Iñigo Urkulluk. Mezu hori indartzeko, lehendakariak aipatu zituen Osakidetza, Ertzaintza, hezkuntza sistema, babes sozialerako sistema, edo kontzertu ekonomikoa, besteak beste.

Berrogeigarren urteurrena gogoratzeko, Urkulluk mezu bat helarazi zuen, euskaraz eta espainolez, bideo baten bidez. «Lau hamarkada hauetan babesa eta ongizatea eskaini digute gure instituzioek», azpimarratu zuen.

Atzera begira jarri zen, eta oroitu zuen 1936ko urriaren 7an eratu zutela lehendabiziko Jaurlaritza. «Euskal Erkidegoaren askatasunen aldeko borrokatik jaio zen». Jose Antonio Agirre izan zen estreinako lehendakaria. «Eusko Jaurlaritzak abian jarri zuen gaur egun ezagutzen dugun Euskadiren erakundetzea», adierazi zuen Urkulluk. «Gerra eta diktadura pairatu zituen. Ikusi zuen nola kendu zioten autogobernua indarrez. Bizirik mantendu zuen gure herriaren ordezkaritza eta ahotsa munduan».

Urkulluren esanetan, diktaduraren zein erbesteko urteen ondoren, eta Gernikako Estatutua onartzearen ondorioz, 1980ko apirilaren 9an berriro jarri zuten martxan, «demokrazian», Eusko Jaurlaritza «berria».

«Urtemuga honek gure historiaz jabetzeko aukera ematen digu: gure aurrekoen ahalegin eta konpromisoaz, zailtasunak gainditzeko dugun konpromisoaz, desberdintasunen gainetik indarrak batzeak duen garrantziaz», nabarmendu zuen.

Lehendakari eta sailburu guztien «ekarpena» aitortzeko eguna izan zen atzokoa, Urkulluren ustez. «Autogobernuaren erakundeen bidez» zerbitzu publikoa eman duten profesional guztiak ere izan zituen gogoan. «2020ko apirilaren 9a egun egokia da egindako bidea aitortzeko, eta etorkizun hobea eraikitzen jarraitzeko». Etorkizunera begira ere jarri zen, eta «Euskadi irekiago, aurreratuago, solidarioago eta bidezkoago bat» eraikitzera deitu zuen.

Diktaduraren ondorengo lehen Jaurlaritzako lehendakaria Carlos Garaikoetxea izan zen. 1984ko apirilaren 16ra arte iraun zuen legegintzaldiak, eta sailburu guztiak EAJkoak izan ziren. Sailburuetako batzuk izan ziren Pedro Miguel Etxenike (Hezkuntza), Ramon Labaien (Kultura), Pedro Luis Uriarte (Ekonomia eta Ogasuna), Felix Ormazabal (Nekazaritza) eta Javier Garcia Egotxeaga (Industria).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.