Siriako kurduei lurretik eraso egitea pentsatzen ari direla adierazi du Erdoganek

Turkiaren bonbardaketengatik, 29 pertsona hil ziren herenegun Siriaren menpeko Kurdistanen. Ankarak YPGei egotzi die suziriak jaurtitzea Turkiara

Siriaren menpeko Kurdistanen Turkiaren erasoaren aurkako manifestazioak egin zituzten, herenegun. AHMED MARDNLI / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Turkiak erasoaldia hasi du Siriaren menpeko Kurdistanen. SDF Siriako Indar Demokratikoek herenegun jakinarazi zutenez, Turkiako armadaren hegazkinek egindako bonbardaketen ondorioz gutxienez 29 pertsona hil ziren Siriaren menpeko Kurdistanen; Ankarak baieztatu egin zituen eraso horiek, eta nabarmendu Kobane hiria zutela helburu, argudiatuta, hain zuzen, hura YPG Herriaren Babes Unitateak milizia kurduen indarguneetako bat dela. Ankararen arabera, talde horrek bost suziri jaurti zituen atzo Turkiako Gaziantep eskualdera —herrialdeko hegoaldean—, eta gutxienez bi pertsona hil eta sei zauritu. Horrekin guztiarekin lotuta, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak atzo ohartarazi zuen pentsatzen ari direla Siriaren menpeko Kurdistani eta Iraken menpekoari lurretik ere eraso egitea. «Hau ez da mugatzen aireko operazio batera».

Kontuan hartu behar da joan den igandean —hilaren 13an— Istanbulen atentatu bat gertatu ondoren iritsi dela erasoaldia. Sei lagun hil ziren leherketa bategatik, eta 81 zauritu, eta Ankarak PKK Kurdistango Langileen Alderdiari eta YPG milizia kurduei leporatu zien gertakariaren erantzukizuna. Bai PKK-k eta bai YPGek, ordea, ukatu egin dute erasoarekin loturarik eduki izana.

Turkiako Defentsa Ministerioak herenegun plazaratutako ohar batean zehaztu zuenez, «89 helburu» suntsitu zituzten bonbardaketen bidez, eta Erdoganek, atzo, kopuru hori bera berretsi zuen, Qatarretik bueltan kazetariei adierazi zienez. Jakinarazi zuen ez duela bere asmoez hitz egin ez Vladimir Putin Errusiako presidentearekin, ez Joe Biden AEBetakoarekin, baina nabarmendu zuen gertatutakoak ez zituela ezustean harrapatuko. «Badakite edonoiz egin ditzakegula halakoak eskualdean».

Irango Gobernuak Iraken menpeko Kurdistango hiru alderdi kurduren egoitzak bonbardatu zituen atzo, eta, eskualde autonomo hartako administrazioaren arabera, gutxienez pertsona bat hil zen, eta zenbait zauritu. Arbil hirian izan zen erasoa, eta, Irakeko INA berri agentziak alderdi kurduetako iturriak aipatuz kaleratu zuenez, misilak eta droneak erabili zituen Irango Guardia Iraultzaileak. Teheran ari da Iraken menpeko Kurdistan bonbardatzen, Mahsa Amini gazte kurdua hil eta gero irailaren erdialdean protestak hasi zirenetik.

Horiek horrela, eskualde autonomo hartako administrazioak eskatu dio Irango Gobernuari erasoaldia eten dezala. «Esan dezakegu egonkortasuna inoiz ez dela indarkeriaren bidez lortzen». Bide batez, nazioarteari eta NBE Nazio Batuen Erakundeari galdegin die «jarrera argia» erakuts dezatela jasaten ari diren erasoen inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.