Kievera Leopard 2 tankeak bidaltzea baimendu du Berlinek, filtrazioen arabera

'Der Spiegel' astekariak eta NTV telebista kateak aurreratu dute albistea b Scholz agerraldia egitekoa da gaur, erabakiaren berri emateko

Alemaniako armadaren Leopard 2 tanke bat, ariketa militarrak egiten, Augustdorfen, Alemanian. SASCHA STEINBACH / EFE.
Mikel O. Iribar - Igor Susaeta
2023ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Ukrainara Leopard 2 tankeak bidaltzeko baimena eman du Berlinek, Der Spiegel astekariak eta NTV telebista kateak Alemaniako Gobernuaren iturriak aipatuz atzo aurreratu zutenez. Gobernuak ez zuen iragarpen ofizialik egin, baina, hedabide horien arabera, Alemaniako armada arduratuko da Leopard 2 tankeak Ukrainara eramateaz, eta, gainera, Europako zenbait herrialdek, Poloniak eta Finlandiak kasurako, tanke horiek eramateko egindako eskaerak onartuko ditu Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra buru duen gobernuak. Hain zuzen, Der Spiegel-ek aurreratutako informazioa gaur baieztatzekoa da Scholz, iragarpen baten bidez, Bild egunkariak atzo jakinarazi zuenez.

Kiev eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide gehienak presio diplomatiko handia egiten ari zaizkio Alemaniari, 1970eko hamarkadaren amaieraz geroztik fabrikatzen dituen Leopard 2 tankeak Ukrainara bidal ditzan. Izan ere, Alemania arma horien ekoizlea izaki, lizentzien arabera haren oniritzia behar da horretarako. Bada, Poloniako lehen ministro Mateusz Morawieckik atzo jakinarazi zuen Varsoviak eskaera formala egin ziola Berlini, Leopard 2 tankeak Ukrainara eraman ahal izateko.

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia Boris Pistorius Alemaniako Defentsa ministroarekin bildu zen atzo, eta, bileraren ondoren, Stoltenbergek esan zuen oraintxe beharrezkoa dela Ukrainari «ahalik eta azkarren» arma astunak ematea. Horrekin lotuta, The Wall Street Journal egunkariaren arabera, Ameriketako Estatu Batuek erabakia dute Ukrainari Abrams tankeak bidaltzea, nahiz eta Etxe Zuriak oraingoz ez duen esan zehazki zenbat.

Giroa, gaiztotuta

Finlandiako Gobernuaren «lehentasuna» da herrialdea Suediarekin batera bihurtzea NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide, baina Pekka Haavisto Atzerri ministroak aitortu zuen, atzo, prozesua «berrikusiko» dutela, zerbaitek «oztopatzen» baldin badu Suediaren proiektuak aurrera egitea. Alegia, Helsinkik aurrenekoz adierazi du ez duela baztertzen Stockholm gabe sartzea Mendebaldeko aliantza militarrean.

NATOko estatu kideek beto eskubidea dute, eta Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak nabarmendu zuen, herenegun, azken egunetako gertaerak aintzat hartuz gero Ankarak ezin diola oniritzirik eman Suediaren eskaerari. Jarrera hori justifikatzeko, Erdoganek gogoratu zuen aurreko larunbatean Koranaren ale bat erre zuela ultraeskuindar suediar batek Turkiak Stockholmen duen enbaxadan —Erdoganen aurkako manifestazio bat ere egin zuten han—. Ankarak, horrenbestez, erabaki bat hartu zuen ordu batzuk geroago: bertan behera uztea Pal Jonson Suediako Defentsa ministroa asteon Turkiara egitekoa zen bisita ofiziala.

Eta, atzo, Helsinkiren mezuaren ondoren, Tobias Billstrom Suediako Atzerri ministroak adierazi zuen bi herrialdeak batera bihurtuko direla aliantza militarreko kide. Gaineratu zuen aztertzen ari direla Erdoganen adierazpenek zer ondorio eduki ditzaketen, baina ziur dagoela topatuko dutela, atzera, Turkiarekin bide diplomatikoa ibiltzeko garaia. «Azken egunetan, zurrunbilotsu dago giroa. Iruditzen zait egokia izan daitekeela egoera baretzen uztea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.