Zordun handiek iaz baino 55 milioi euro gehiago zor dizkiote Gipuzkoari

66tik 53ra apaldu da zordunen kopurua, baina 238 milioitik 292ra igo da zorra. Arabak eta Bizkaiak urrira atzeratu dituzte beren zerrendak

Ogasunaren bulego bat, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Xabier Martin - Iker Aranburu
Donostia
2020ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Ogasunari milioi bat euro baino gehiago zor dioten pertsona fisiko edo juridikoen zerrenda laburtu egin da 2019an: 66 zordun ziren urtebete lehenago, eta 53 izan dira 2019an. Baina zordun handien zorra handitu egin da, 238 milioi eurotik 292 milioira, hain zuzen. Gipuzkoako Ogasunak ateratako zerrendan dago azalpena: iazko ekainean argitaratutakoarekin alderatuz gero, hemeretzi zordun atera dira, eta, haiekin, 33,3 milioiren zorra, baina sei zergadun berri sartu dira, eta haien zorra 87,8 milioirena da.

Arabako eta Bizkaiko ogasunak ere beren zordun handien zerrendak jakinaraztekoak ziren, baina informazio hori urrira arte atzeratzea erabaki dute, eta, hortaz, bakarrik Gipuzkoak plazaratu du zerrenda beltz hori. Orain bost urte hasi ziren ogasunak zerrenda horiek plazaratzen, eta, aurreko lau urteetan, Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeek batera eman dituzte zerrendak. Nafarroak egutegi propioa dauka, eta aurrerago jakinaraziko du bere zordun handien zerrenda.

Gipuzkoako zorra handitzearen arrazoiak aztertzen hasita, izen jakin bat azaltzen da erantzule nagusi gisa: Lagilur SL enpresa; 80,2 milioi euroko zorra hartu baitu Ogasunarekin. Kutxak 2004an eraikuntza sektoreko enpresaburu batzuekin abiatutako eta huts egindako etxegintza operazio batekin zerikusia du zor horrek. Javier Artetxe, Luis Maria Maia y Agustin Agirre ziren enpresari horiek, Yeregui Taldea.

Osinalde anaiak

Zor apalagoak dituzte zerrenda horretako beste bost kide berriek: Cohimet 2004 (2,11 milioi), Fringomania (1,68 milioi), Gipuzkoako Enpresa Aholkulariak (1,18 milioi), Transportes Jon Norte (1,61 milioi) eta Vigilancia Instalacion Seguridad y Alarma (1,07 milioi).

Gipuzkoako zerrendan nabarmen ageri dira, oraindik ere, Osinalde Etxaniz anaiak: 31,58 milioi zor ditu Jose Ramon Osinaldek, eta 31,47 milioi, berriz, Jose Miguel Osinaldek. Zor hori Ogasunak duela hamar urte baino gehiago azaleratutako iruzur baten harira sortu da. Aurreko urtean auzitara jo zuten Osinalde anaiek Gipuzkoako Aldundiaren aurka, zorraren informazioa argitaratzeagatik.

Beste zordun handi bat LH Commodities da; 60.000 euro kendu dizkio 2018. urtean zuen zorrari, baina oraindik 22,9 milioi zor ditu.

Eraikuntza inbertsioen porroten lorratzaren ostean datoz kiebra jotako industriak, Gipuzkoako zordun handien artean: Fagor Etxetresnak (8,12 milioi), Tecfrindus (6,22 milioi), Papelera del Araxes (5,93 milioi), Ramon Vizcaino (5,37 milioi), Bilore (3,73 milioi)...

Zordunen zerrendak argitaratzea iruzur fiskalaren aurkako estrategiaren barruan dago, eta Gipuzkoako Ogasunaren egoitza elektronikoan kontsulta daiteke atzodanik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.