Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Asintomatikoak

2022ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Ugandako Atzerri ministroak Jeje du izena, Jeje Odongo, baina ez du batere graziarik. Irribarre zabal-zabala eginez bertaratu zen Bruselan egiten ari zen goi-bileran, eta halaxe sartu zen harrera ofizialera. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearen aurrean pasatu zenean ere, irribarre eginez zihoan, eroso, bere parekoen artean ibiltzera ohituta daudenen gisan. Von der Leyen, bilkuraren buru izanik, agurtzen lehena behar zuen, baina haren aurretik pasatu zen Jeje (kar-kar eginez bere golkorako?) emakume presidenteari diosalik egin gabe. Begiratu ere egin gabe. Zuzenean jo zuen Kontseiluko presidente Charles Michel eta Frantziako presidente Emmanuel Macronengana, parekoen feromonak usnatuta bidea argi dakiten piztia basatien gisan. Gizonak adeitasunez agurtu zituen Jejek, baita gizonek bera ere.

Kanpotik guztia ikusi zuen norbaitek egindako hutsaz ohartarazi zien arte, gizonak ez ziren mugitu (ez bata, ez bestea, ezta hirugarrena ere). Beste behin ere, guztien artean kargudunik kargudunena, emakume dena eta emakume delako, baztertuta gertu zen. Ez da lehen aldia izan, eta ez da azken aldia izango.

Adiskideen artean aipatu dugu auzia, eta espero izatekoa zenez, bitan egin da solasaldia: batzuk amorratuta geunden, eta beste batzuek, berriz, ulerkor baina epel, gertatutakoari garrantzia kendu diote, huskeria delakoan nor agurtu eta nor ez. Azala mehegi uzten omen du feminismoak, ahizpa maiteok, eta harramazkarik txikienak ere erreminduta uzten omen gaitu.

Feminismo asintomatikoaren garaian bizi gara. Gutxi dira gizon eta emakumeen berdintasunaren kontra mintzatuko direnak, baina asko dira, gehiegi, esaldi horri «baina» bat gehituko diotenak. Bai, baina. Feminista, baina. Gauzak hobetzearen alde, baina ez gehiegi, arren, ingurukoak deseroso senti ez daitezen. Injustiziak eta desberdinkeriak salatzearen alde, baina ez bizkorregi, bakoitzak bere erritmora, denok ohitzea baita kontua. Feminista asintomatikoek nagusitasunez eta nagusikeriatik hitz egiten dute, beren eguneroko bizitzako azturei eusteko moduko zerbait baita beraientzat. Kutsatuko ziren noizbait, ez dut dudarik zertan eginik, baina modu arin batez pasatuko dira handik, ondoriorik laga gabe.

Pandemiaren garai honetan osasun-datuez oka egin arte asebete gara, datuek agerira ekartzen baitute begi hutsez ikusten zaila dena. Emakumeen kontrako biolentzia, endemia sor eta hilgarria da. The Lancet aldizkariak argitaratutako ikerketa baten arabera, munduan lau emakumetik ia bik jasan du genero-indarkeria bere bizitzan zehar, eta egin kontu zenbaketa horretatik kanpo geratzen direla bikotekide ez diren edo izan ez direnek eragindakoa. Emakumearen aurkako Indarkeriaren Prebalentziari buruzko Osasunaren Mundu Erakundearen Munduko Datu Basetiko datuak erabili dituzte, hau da, mundu osoko emakumeen %90 kontuan hartuta iritsi dira ondorio horretara.

Beren burua feminista konplizetzat jotzen dute asintomatikoek, berbaren adierarik ederrena bera ere bihurrituz, eta irribarre eginez esaten dute hori, gainera, hitzak errealitatearen gordintasuna ezabatzeko ukendu magikoak bailiran. Eta konplizeak dira, bai: baina mendetako zapalkuntza eta bidegabekeriak iraunarazteko nahitaezkoak diren horietakoak.

Feminismoak sukarra eragin behar du aldaketarako gaitasuna izango badu. Barruan eta kanpoan nabaritu behar da, barrutik eta kanpotik aldatu behar gaituelako. Bilera-burua emakumea delako ez agurtzea txikikeria bat dela uste baduzu, kasurik onenean, feminista asintomatikoa zara. Biolentzia aitortuta ere, besteren gaitza dela uste baduzu, asintomatikoa zara. Eta besteen sukarraren aurrean barre egiten baduzu, asintomatikoa eta batere graziarik gabea zara. Barkatu atrebentzia, baina norbaitek esan behar zizun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.