mikel elorza
ARKUPEAN

Koroak

2023ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Maite ditugu maite koroak, patuak besteren buruetara eramaten dituenean ere. Eta hala, osotoro ateoak garen arren, egungo fede nagusiaren azken ekitaldi liturgikoak 20.000 lagun eraman zituen Sevillara (tartean arerio bat edo beste ere bai, fedekidetasunak mirarizko elkarketak egiten baititu estadioetan, ezker eta eskuin elkarren ondoan jarriz kontrarioak). Eta beste milaka lagunek begi guztiak jarrita geneuzkan Osasunak futbolaren koroa jantziko zuen esperantzan.

Kukuak zuri kantatu zuen, ordea, eta ez gorri (bizitzan bezala, futbolean ere), eta burua soil itzuli ginen etxerat. Dena den, fede berriak amarru zaharrak gordetzen ditu, eta hartan bekatuak errezo batzuk eginez konpontzen diren bezala, honetan koroa galduta itzultzen zara baina burua harro, portaera zoragarria izan duzulako eta giro aparta jarri duzulako eta kaleetan erakutsi duzulako afiziorik onena dela zurea, gurea. Garaipenik ez, baina afizio onena. Eta segi aurrera.

Jendea etxera bai, baina begiak beste koroatze batera eraman genituen, osotoro errepublikarrak baldin bagara ere. La Polla Recordsek kantatzen zuen begira geundela begira ¡qué hacen ahora en Londres!, eta horrelaxe, 40 urte geroago, ondo jubilatuta behar lukeen edadean lanean hasiko den, esateko modu bat da, morroiari so jarri gara. Sasoi horretan lanean hasi beharrez —urdina baino, printze urdindua da hau, arraioa!—, ez naiz harritzen urrezko karrozan egitea bidaia. Diamantezkoa ere bazegokion! Lo-suman nengoela, istripu erreala amets, burkoari galdetu diot: espantuak jota zaldiak azpian harrapatuz gero erregeren baja in itinere litzateke?

Nik ere isilik pasa nezakeen gaia da, bai horixe, baina horrelakoekin beti sortzen zait zalantza, milioika ikusle izan zituela party-ak eta hori ote den milioika lagunek interesa zeukatelako; ala, medio (ia) denek eskaini dutenez, derrigortasun horrek berak sortu duelako audientzia eta ez benazko interesak. Ez dakit,ni bigarrengoaren aldekoa naiz, baina ezin ukatu tronu-demak zale asko dituela, galde bestela Netflixi.

Jarri zioten bada jarri koroa printze urdinduari. Eta jarri ere jarri (ez dauka izen hori seme diskoloak?), gauzak zer diren, arantzadun koroa eraman omen zuenaren lurreko ordezkari batek jarri zion. Denak gizonak eta denak zaharrak, nola ez. Koroa eta gurutzea eskutik helduta joan ohi dira, edo, zehatzagoak izanda, esku berberek oratu izan diete koroari eta gurutzeari.

Eta bata dela medio edo bestea, koroaren jabeak ekin diezaioke beste koroa baten jabearen aurkako gerrari (edo beste gurutze baten gurtzailearen aurkakoari). Halaxe ibili dira mundua gurutzez eta lore-koroaz betez. Gorpuz, egia esan, ezen gudu zelaietan hiltzen direnei —subditoak, ez koroatuak— ez baitzaizkie koroak jartzen. Gehiegi dira, eta garaitzaren arku baten azpian su itzalezin bat pizten da guztiak gogorarazteko (arku handiak koroatua gogoratzen du, noski, eta su txikiak beste guztiak).

Ukrainan eta Donbassen ere halaxe dabiltza, subditoak hiltzen dira koroadun errepublikanoen haginduetara. Eta Palestinan hiltzen dituztenak, adibidez, ez dira subdito izatera ere iristen: Belen euren lurretan egonagatik ere, historiaren estalpe ekibokatuan jaio ziren.

Asteburu koroatuan, gure patua nekez dela biribilduko ohartu naiz: zaila ikusten dut guri koroarik jar diezaguten. Heriotzaren negozioa 2.0ra iritsia da eta lore-koroak garesti, eta izatekotan,telematiko bat, senideren batek adimen artifizialari eskatutako testu hunkigarri batekin. Gainera, azak ontzeko, eduki ditzakegun koroa bakarrak, hortz-haginetakoak, horiek ere kendu egingo dizkigute, erraustu aurretik, ez kutsatzearen aitzakian.

Nik, badaezpada, dentistari esana diot: hurrengoak biodegradagarriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.