Inaki Galdos
ARKUPEAN

Eztabaidak

2022ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Gauza nabaria da krispazioaren garaian bizi garela, sarri amorruaren edota gorrotoaren bidean sakontzen duena. Azken garaiotan askotariko moldeak hartu ditu egoera honek mundu zabalean: iraulketak hauteskundeetan, kale istiluak, mugimendu sozial berriak eta abar luzea. Halaber, begi-bistan dago lehenagotik zetorren honek guztiak indar berriak hartu dituela izurriaren ondoren eta erretxinduago atera(tzen ari) garela COVIDaren atzaparretatik, agian ia hiru urteko ibilbide malkartsu honetan bizi izan ditugun egoera gogorrek eta tirabira sutsuek horrela moldatu gaituztelako.

Horrela, iruditzen zaigu patxada handia eta enpatia dosi bereziak eskatzen dituzten eztabaidak lerroburu deigarrien, esloganen eta irainen alorrean ematen ari direla gero eta sarriago, usu kontrolaezinak bihurtzeraino. Eta horren zergatietako bat, seguru asko, erakundeek (uler bedi administrazio publiko, alderdi politiko, sindikatu eta abar) bizi duten ahuldade izugarria da, lehentasun gisa goian deskribatutako krispazio egoera kudeatzera kondenatuak guztiak, erabakien berehalako (eta ustezko) prezio politikoan obsesionatuta eta barne kohesioaren etengabeko kezkaz izerdi patsetan.

Askorentzat garaipen handia izan daiteke aipatu ahuldadea, baina ez da negozio ona izaten ari mundu osoan, beharrezkoak diren eraldaketa sakonak lortu beharrean askoz ere ondorio kezkagarriagoak ekartzen ari delako berarekin erabakiak hartzeko orduan: besteak beste, berehalakotasunaren diktadura, demoskopiaren inperioa, ziurgabetasun iraunkorra eta egonezin itogarria. Egoera honetan gero eta zailagoa egiten da epe luzerako ibilbideak adostea, gaien konplexutasuna ulertu nahi izatea; eta gero eta errazagoa eztabaida kimatzea, bandoen esparrura gotortzea.

Ezin ukatu harrituta naukala Euskal Autonomia Erkidegoan hezkuntza legearen inguruan sortu den zalapartak. Euskal Herriko gainerako lurraldeetan ere eragina izango duen eztabaida, esan dezagun bide batez. Pentsatzekoa zen apirileko akordio zabalaren ondoren eztabaida sutsuak piztuko zirela, ez zela bide erraza izango; ez nau beraz horrek harritu. Xextraren tonu jasangaitzak nauka tristatuta, estimatzen dudan jendearen ahotan entzuna sarri. Zilegi da, jakina, aurkeztutako legearen kontra jotzea, manifestazioetara eta grebetara deitzea, eskola publikoarekiko beste jarrera bat exijitzea, segregazioaren kontrako neurri zorrotzak aldarrikatzea. Beharrezkoak dira eztabaida horiek guztiak.

Baina gorroto gehiegi dario jende askori, batez ere ikastolen kontra, esan dezagun garbi. Adibidez, arrazismoa askoren ahotan. Egon da Bilboko manifestaziora deitzeko Hegoafrikako urte gogorrenetako neskato baten argazki ankerra, alboan Whites Only (Zuriak soilik) kartela zuena, erakutsi digunik ere. Edota etengabe EH Bildurekin gobernatu nahi duela dioen alderdi bateko ordezkari bat, gai honegatik Arnaldo Otegiren alderdia Madrileko Salamanca distrituaren euskal aldaera dela bota duenik. Horrela zientoka, etengabe, gutxitan ezagutu dugun giroa tarteko, inoiz ezagutu badugu.

Hemengo ezker espainolistak horrelako mezuak kaleratzea ulergarria ere bada, baina abertzalegoaren zati batek barneratu izana kezkatzekoa da oso. Uste genuelako eskola publikoaren defentsa sutsua eginda ere, eta arrazoibidea muturrera eramanda ikastola kontzertatuen existitu beharra bera ukatuta ere, bazegoela abertzaleen arteko sektore honetan besteen arrazoiak ulertzeko gaitasuna, nahiz eta ados egon ez. Euren familia, lankide, alderdi, sindikatu eta kuadrilletan bazituztela pertsona pila bat seme-alabentzat ikastolen hautua egina dutenak, hainbat arrazoi direla medio, horrelako irainak merezi ez dituztenak, besteak beste kasu askotan eurak baino egoera ekonomiko kaskarragoan bizi direlako eta eurak baino solidarioagoak direlako egunerokoan, hitzez eta egitez. Asko eskatzea ez bada, legea onartu bitartean, onartzen bada behintzat, (ustez) nazio proiektu bertsua dutenek tonua jaitsi eta eztabaida baretu beharko lukete. Konpli da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.