Madagaskar, 1970eko hamarkadaren hasieran. Herrialdeak hamar urte lehenago eskuratu du independentzia, baina Frantziako armadak botere sendoa du oraindik Afrikako nazio horretan, eta militarren familiek beren paradisu partikularra aurkitu dute han. Testuinguru horretan girotu du Robin Campillo zinemagile frantziarrak L'île rouge, atzo Sail Ofizialean aurkeztu zuen filma. Campillorenaz gain, beste pelikula bat ere eman zuten: Tzu-Hui Peng eta Ping-Wen Wang zinemagile taiwandarren Chun xing / A Journey in Spring.
Ikusi gehiago:Herrenka
Campillo Marokon jaio zen, eta haurra zela Aljerian eta Madagaskarren ere bizi izan zen. Base militar batean, hain zuzen ere. «Nik hura ezagutu nuen, eta, haur baten begiradatik, maitagarrien ipuin baten modukoa zen. Paradisua zen guretzat, eta denak ginen haurrak, baita pertsona helduak ere. Baina ipuin horren atzean armada zegoen, militarrak».
Filmean pertsonaia ugari agertzen badira ere, Robert eta Colette gurasoek eta haien semeek osatzen duten familian jarri du arreta Campillok. Thomas seme gazteenak Fantômette liburuetako haur heroia miresten du, haren abenturak bizi ditu, baina, batik bat, inguruaren behatzailea da. Atzo eginiko aurkezpenean, Campillok ez zuen ezkutatu Thomas haren nolabaiteko alter ego-a dela, eta haur zela gertatu zitzaizkion zenbait kontu bere hartan islatu dituela filmean: «Ume nintzela, Bizarzuri etorri zen base militarrera, baina harritu egin ninduen ikusteak haren atzean soldadu bat ari zela opariak banatzen. Kolonialismoaren ilusioak indarkeria ezkutatzen zuela erakusten zuen horrek».
Haurtzaroa Afrikan igaro bazuen ere, Campillok aitortu zuen «oso-oso frantziarrak» sentitzen zirela haren senideak. «Amak sei hilabeterekin eraman ninduen aurrenekoz zinemara, eta txikitan film asko ikusi genituen elkarrekin. Denak frantziarrak. Konektatuta egon behar genuelako». L'île rouge-n ere, Thomas bizilagun frantziarrez inguratuta bizi da, eta madagaskartarrak atrezzo gisa baino ez dira azaltzen filmaren parte handi batean: «Haurrak Frantziaren irudi bat du, fantasia bat; ez da inoiz egon han».
Ikusi gehiago:Noraezean
Indarkeria ezkutua
Filmean indarkeria agerikoa duen eszenarik ez badago ere, «ezkutuan» egon badagoela uste du zinemagileak. «Madagaskarreko herriaren kontrako indarkeria hor dago, baina bada beste bat ere, ez oso agerikoa, Robertek [Quim Gutierrez] Coletterengan [Nadia Tereszkiewicz] ezartzen duena. Baina ez da argi ikusten. Adierazi nahi nuen indarkeria atzean dagoela, nahiz eta ez den ikusten».
Filma frantziar militarren egunerokoari lotzen bazaio ere, azkeneko hogei minutuetan arretagunea aldatu, eta militar horietako baten neska lagun madagaskartar bati segitzen dio kamerak. Eta ikuspuntu aldaketa horrekin batera, L'île rouge-k ahotsa ematen die kolonialismoa amaiarazi nahi duten militante eta manifestariei. Campillok esan zuenez, amaieran «oihalaren beste aldera» egiten du istorioak. «Ordura arte ez dira azaldu, eta horrek adierazten du zerbait ez doala ondo. Mapatik ezabatu dituztela. Baina, azkenean, madagaskartarrak bihurtzen dira istorioko protagonista; haiek betetzen dute pantaila osoa».
Joaten ez uzteaz
Tzu-Hui Peng eta Ping-Wen Wang zuzendari taiwandarrek analogikoan, hokkienera-taiwaneraz eta lau eskutara filmatu dute beren opera prima. Chun xing / A Journey in Spring lanean, familia, heriotza eta dolua dituzte ardatz, eta «pertsonei eta sentipenei heltzeaz eta haiei joaten ez uzteaz» hitz egin nahi izan dutela azaldu zuten atzoko proiekzioaren osteko agerraldian.
Khim-Hok agurea da protagonista. Taipeiko aldirietako etxe zahar eta kaskar batean bizi dira emaztea eta biak. Emakumea bat-batean hilko da, eta, heriotza onartu ezinda, izozkailu zahar batean jarriko du senarrak haren gorpua. Alabaina, semea eta haren bikotekidea etxean agertzen zaizkionean —aspaldi ikusi gabeak biak—, agureak aurre egin beharko dio andrearen heriotzari.
Taiwanen halako kasuak izan direla kontatu zuen Tzu-Huik, hedabideetan gertakarien atalean aipatu ohi direla, eta hortik sortu zitzaiela filmerako ideia. «Bizitzan, tarteka, ez ditugu askatu nahi maite ditugun gauzak, ez diegu joaten utzi nahi, eta sentipenei eta emozioei heltzen diegu. Horri buruzkoa ere bada filma».
Hain zuzen, analogikoan grabatzeak eta pelikularen ertzak eta zuloak agerian utzi izanak badu horrekin zerikusirik, Ping-Wenen esanetan: «Dena azkar doan garaiotan, kutsu kontserbadorea eman nahi izan diogu. Garai analogikoan sortu ginen gu, eta laster digitalizatu zen dena; protagonista bezala sentitzen gara, ez baitu iragana atzean utzi nahi». Halaber, Tzu-Huik gaineratu zuen budismoko wabi-sabi kontzeptuari jarraitu diotela, zeinak «iragankortasuna eta inperfekzioa onartzea» duen oinarri, eta «inguruan den edertasunari erreparatzea». Hala, kamerari «behatzaile rola» eman diote, luzaz leku berean grabatzen utzita; plano geldoak sortu dituzte, eta giro soinuari garrantzi berezia eman.
Bi zuzendariek zinema ikasketak egin zituzten, baina Arte Ederretatik iritsi zen zinemagintzara Tzu-Hui, eta Kazetaritza ikasketetatik Ping-Wen. Elkar ezagutu eta segituan, «zinemaz asko hitz egiten» hasi ziren, eta beren lehen film luzea elkarrekin sortzea erabaki zuten. Ping-Wen: «Magikoa izan zen elkar ezagutzea; gure patua zen elkarrekin filmatzea». Aurrez hainbat film labur eginak zituen zuzendariak. «Nire aurreko lanek istorioak kontatzea zuten oinarri, baina, Tzu-Hui ezagutu ostean, aukera izan nuen arreta beste alderdi batzuetan jartzeko. Lehen, ikusten ziren gauzei buruz egin izan ditut lanak, baina hau ikusten ez diren gauzei buruzkoa dela esango nuke».
Beren lehen filma hokkienera-taiwaneraz grabatzeko erabakiaz ere mintzatu ziren bi egileak. Taiwanen hitz egiten diren hizkuntzetako bat dela azaldu zuten. Baina, diotenez, 1949tik aurrera KMT Txinako Alderdi Nazionalistak eskoletan debekatu ostean eta mintzaira «zakarra» den ideia zabaldu zuenez geroztik, gazteek apenas hitz egiten duten, eta «desagertzear» da. Tzu-Huiren hitzetan, «lotura estua» dute biek «galtzear den» hizkuntza horrekin. Ping-Wenentzat, «maitasuna adierazteko modu bat da».
Donostiako 71. Zinemaldia. Sail Ofiziala
Paradisuak ezkutatzen duena
Frantziar kolonialismoaren inguruko film bat aurkeztu du Robin Campillok Sail Ofizialean: 'L'île rouge'. 'A Journey in Spring' Taiwango filma ere eman dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu