Pili Zabalak utzi egingo du politikagintza legealdi amaieran

Elkarrekin Podemoseko lehendakarigai izandakoak adierazi du ez duela «gustuko» politika egiteko gaur egungo modua

Pili Zabala, Eusko Legebiltzarrean, aurtengo otsailean. JUANAN RUIZ / FOKU.
jon olano
2018ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Politika instituzionalean bide laburra egingo du Pili Zabalak, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak. Eusko Legebiltzarrerako 2016ko bozetara Jaurlaritzarako lehendakarigai gisa aurkeztu zuen Elkarrekin Podemosek Zabala, eta, bi urte geroago, Zabalak berak iragarri du politikaren lehen lerroa utziko duela legealdia amaitzean.

Vocento taldeak argitaratutako elkarrizketa batean, Zabalak azaldu du politikagintzan «sufritu» egiten dela, eta ez duela «gustuko» politika egiteko gaur egungo era: «Ez zait gustatzen nola egiten den politika. Kritikatzea da haren helburua, etsaia nekatzea, pertsonen izen ona zikintzea». Tentuz hartutako erabakia izan da: «Denbora asko daramat hausnartzen. Egoera ikusita, eta gaur egun politika egiten den moduan, ez dut gogorik eremu hori ezagutzen jarraitzeko. Ezagutu dut ezagutu behar nuen guztia». Hala ere, hitzeman du «elkarbizitza demokratikoa hobetzea helburu duen guztian parte hartzen» jarraituko duela.

Legealdia amaitzeko, ordea, beste bi urte falta dira, eta Zabalak hizpide izan du Poliziaren Biktimen Legearen inguruan Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak lortutako akordioa. Ontzat jo du lege bat edukitzea, baina erantsi du testu berria ez duela gogoko: «Aldaketek bi helburu nagusi dituzte: biktimen ordez borreroak babestea eta ikerketa oro oztopatzea». Haren hitzetan, ez dago «benetako erreparaziorik justiziarik eta egiarik gabe».

Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean adostutako oinarrien inguruan, adierazi du «eroso» dagoela testuarekin, eta beharrezkotzat jo du «itun berri bat», argudiatuta 1979ko estatutuaren eskumen ugari eskualdatzeke daudela oraindik. Hala ere, uste du adostasunak «zabalagoa» izan beharko lukeela —nagusiki, EAJk eta EH Bilduk adostu dituzte estatus berriaren oinarriak—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.