Espetxe ereduaren ardatzak adosteko lanean dira taldeak

EAEko kartzela ereduari buruzko saio monografikoa egingo dute gaur Eusko Legebiltzarrean. Akordio zabala lortzeko aukera handiak daude

Eusko Legebiltzarreko Justizia Batzordeko taldeetako ordezkariak, otsailaren 1ean, Zaballa (Araba) atarian. BERRIA.
enekoitz esnaola
2019ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Legebiltzarkideen %88 EAEkespetxe eskumena izatearen alde daude —PPko kideak baino ez dira aurka—, eta, eskumena garatzeko, Eusko Jaurlaritzari dagokio kartzela eredua diseinatzea, baina legealdian ez du txostenik aurkeztu. Gaia ez dago geldirik, ordea: taldeen ekimenez, gaur Eusko Legebiltzarrean espetxe ereduari buruzko saio monografikoa egingo dute, ardatz nagusiez hitz egiteko, eta, ahal bada, adostasunak erdiesteko. BERRIAk jakin duenez, akordio zabala lortzeko aukera handiak daude; akordio hori balego, legebiltzarrak kartzela eredu jakin bat diseinatzeko eskatuko dio Jaurlaritzari.

Goizean hasiko da saioa, eta talde bakoitzak bere planteamendu politikoaren berri emango du; ondoren, ebazpenak aurkezteko epea hasiko da. Atzo arratsaldean artean negoziatzen ari ziren, Elkarrekin Podemosen esanetan. EH Bilduk eta biek uste dute adostasun zabala badago Jaurlaritzak irizpide horietan oinarrituta diseinatu beharko lukeela eredua.

Gaurko saioan, EAJren aldetik Joseba Zorrillak hitz egingo du, EH Bildutik Jone Goirizelaia ariko da, PSE-EEtik Alexia Castelo, Elkarrekin Podemosetik Juan Luis Uria eta PPtik Nerea Llanos edo Javier Ruiz de Arbulo.

EAEko legealdi honetan, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek kartzela eskumena aztertzeko eta eredua diseinatzeko legebiltzarrean lantalde bat sortzeko proposamena egin zuten. EAJk eta PSEk baztertu egin zuten, eta azaldu zuten Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak prestatuko zuela dokumentu bat, hari dagokiola eta. Horren zain egon gabe, ordea, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek batzordean hainbat adituren agerraldiak egitea planteatu zuten, eta egin ziren dozena bat pasa, iaz; han mintzatu dira Angel Elias espetxe politikari buruzko EHUko lantaldeko kide izana, Manu Lezertua EAEko arartekoa, Rafael Ribo Kataluniako arartekoa, psikiatra bat, elkarte sozialak, epaile bat... Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak dio agerraldietan eduki asko atera dela, eta gaiari jarraipena emateko proposatu zuela bere taldeak legebiltzarrean saio berezia egitea espetxe ereduaz. Iazko azaroan planteatu zuen EH Bilduk, eta onartu egin zuen Mahaiak. Gaur egingo dute.

Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia sailburuak (PSE-EE) legealdian agindu izan du «diagnostiko zorrotz bat» egingo zuela eskumenaz, baina ez du aurkeztu. Joan den otsailaren 8ko kontrol saioan, San Joseri eskumena garatzeko diagnostikoaz galdetu zion EH Bilduk, ea egina daukan Jaurlaritzak eta, hala balitz, baduen kopia bat ematerik, adierazteko zein adituk hartu duten parte eta noiz, zer ekarpen egin duten, eta Jaurlaritzak diru ordainketarik egin dien haiei. «Oraindik ez dugu erantzunik jaso», jakinarazi du Arzuaga EH Bilduko kideak. «Ikusiko dugu saio monografikoan argibiderik ematen duen sailburuak».

Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Uriaren ustez, Espainiako Gobernua (PSOE) EAEko eskumenen egutegia joan den urtarrilaren bukaera arte zehaztu gabe egoteak eragin du PSE-EEren orain arteko jarreran.

Bestelako eredu bat

Espainiako Estatuaren egungo espetxe ereduari «bira» eman nahi dio EH Bilduk, Beste espetxe politika baterantz Euskal Herrian dokumentuan dakarrenez. «Herri duina bagara, presoa gizartera hurbiltzeko ahalegin guztiak egin behar ditugu, eta gizartea eta presoa lotzen dituen proposamen bat egin behar dugu». Arzuagak eta Larraitz Ugartekhilaren 2an aurkeztu zuten dokumentua, hedabideen aurrean. Ehun neurri planteatu dituzte, eta gaur beste hogei printzipioaipatuko ditu Goirizelaiak.EH Bilduren iritziz, espetxe eskumenak izateak «aukera paregabea» emango du bestelako politika bat garatu ahal izateko.

Elkarrekin Podemosek ere dio beste eredu bat behar dela, «helburu presoen gizarteratzea daukana». Uria legebiltzarkideak «preso guztien eskubide guztiak» aldarrikatuko ditu saioan.

EAJren parlamentari Zorrillak adierazi du «gizarteratzea» dela euren aldarrikapen nagusietakoa. Garrantzia emango dio,halaber, osasun, hezkuntza eta politika sozialen arloei.

Gernikako Estatutuak (1979) jasoa dauka espetxe eskumena, 10.14 artikuluan, baina Espainiako Gobernuak ez du eman oraindik. Duela ia bi hilabete Jaurlaritzari azaldu zion 2020ko urtarrilerako emango lukeela, baina ondoren Gorteetarako hauteskundeak apirilaren 28ra aurreratu zituen Pedro Sanchez presidenteak, eta ikusteko dago zer gertatuko den. PP, Ciudadanos eta Vox espetxe eskumena ematearen kontra daude. Nafarroako Foru Hobekuntzak (1982) ere jasoa du kartzela transferentzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.