Erkorekak eta Grande-Marlaskak Poliziaren jardunaz hitz egin dute

Lehendakariordea eta Espainiako Barne Ministroa espetxe eskumenen transferentziaz aritu dira

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua eta Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa, atzo. DAVID AGUILAR / EFE.
Maddi Ane Txoperena Iribarren Jon O. Urain
2021eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak bilkura egin zuten atzo Gasteizen. Jakinarazi zutenez, Poliziaren jardunaz aritu ziren, batez ere: pandemian zehar poliziek egindako lana txalotu zuten, eta eskerrak eman zizkieten bi agintariek elkarri, egindako lan horregatik. Espetxe eskumenaren transferentzia ere izan dute hizpide. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak laster eskuratu beharko luke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden espetxeak kudeatzeko eskumena, 1979ko estatutuan jasota dagoen gisan. Jaurlaritzak ez zuen zehaztu, ordea, Grande-Marlaskak eta Erkorekak gai horri buruz zehazki zer izan zuten mintzagai.

Jaurlaritzak nabarmendu zuenez, «giro lasaia eta guztiz adeitsua» izan zuten bileran, eta «edukiei dagokienez bilera emankorra» izan zen. Ertzaintzaren eta Espainiako polizien arteko elkarlana sendotzeko Segurtasun Batzordea suspertzearen alde egin zuten bi agintariek batzarrean, 2017ko uztailaren 9an bildu baitzen azkenekoz batzorde hori. «Josu Erkorekaren eta Grande-Marlaskaren ustez, bilera beharrezkoa da Ertzaintzaren eta estatuko segurtasun indar eta kidegoen arteko koordinaziorako eta segurtasunaren arloko erronka berriak elkarrekin aztertzeko», zehaztu zuen Jaurlaritzak.

Pandemian poliziek izandako jarrera txalotu dute biek, «pandemiaren lehenengo egunetik» ari direlako «herritarren osasuna eta segurtasuna zaintzen, oinarrizko zerbitzuak eta ondasunak, osasun materialaren hornidura eta azpiegitura kritikoen funtzionamendua bermatuz». Azken egunotako «indarkeria ekintzak» gaitzetsi zituzten bi biek, halaber: Jaurlaritzaren arabera, bi agintariak bat etorri ziren «istiluei eta ordena publikoaren nahasmenduari buruzko analisian», eta adierazi zuten «gizartearen gehiengoaren portaera eredugarriaren aurrean gutxiengo batek eragindakoak» direla istiluak.

Aste Santua baino lehen

Aitor Esteban EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaileak atzo Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean esan zuen espetxe eskumenak «Aste Santua baino lehen» eskualdatuta beharko lukeela: «Bestela, [Espainiako Gobernua] ez litzateke bere hitza betetzen ariko».

Estebanek Espainiako Gobernuari eskatu dio bete dezala eskumen guztiak eskualdatzeko egutegia: «Espetxeetakoa ongi dago, baina hor daude Bizitzeko Gutxieneko Errenta eta beste guztiak. Ni ez nago Jaurlaritzan, baina Espainiako Gobernuari helaraz diezaioket eskumen guztiak iritsi behar direlako mezua. Batzuk egutegian lehenetsita daude, beste batzuk aurreratuta daude, baina egutegi osoa bete behar da».

Eneko Andueza PSE-EEko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak, berriz, nabarmendu zuen Espainiako Gobernuak «borondate politikoa» daukala eskumenak eskualdatzeko.

Edonola ere, datozen asteetarako espero da espetxeen eskumena eskualdatzea. Herenegun, Eusko Legebiltzarrak eskatu zuen bere esku uzteko negoziazioak amaitzean lortzen den akordioa. Era berean, Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion, «transferentzia egin ondoren, 2019ko martxoaren 13ko osoko bilkura monografikoan onartutako ebazpen proposamenak oinarri izan daitezela Euskadin ezarri beharreko espetxe eredua definitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.