«Salbuespen» legedia baztertzeko eskatu du Sarek

enekoitz esnaola
2020ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Sare herritar plataformak euskal presoen auziari buruzko txosten bat helarazi die Espainiako Kongresuko taldeei, Bego Atxak eta Joseba Azkarragak Bilbon prentsaurreko batean jakinarazi dutenez, eta «kontuan hartu beharreko» hainbat neurri proposatu dizkiete: adineko presoak eta larri gaixorik direnak «etxeratzea», urrunketa amaitzea, gradu progresioa ematea eta kartzela zigorraren hiru laurden beteak dituzten presoei baldintzapean aske geratzeko aukera eskaintzea. «Azken batean, salbuespen legedia alboratu eta legedi arrunta ezartzea». Iñaki Lasagabasterren eta Ramon Zalloren laguntzarekin osatu du txostena —aurrenekoa ere izan da agerraldian—.

«Txostenean, salbuespenezko espetxe politikak euskal presoengan duen eragina jaso dugu, urratzen diren giza eskubideak nabarmenduz, ulertuta haien errespetua bermatzeak demokrata ororen oinarri izan behar duela», adierazi du Atxak. ETA amaituostean ere Espainiako Gobernuak espetxe politika bera daukala salatu du Azkarragak, eta aldaketetarako neurriak hartzeko exijitu ditu. «Urrunketa neurri politiko bat izan zen, eta politikoa izan behar da hura bukatzea».

Urrunketaren bukaera «faseka egitea planteatzen bada», Sarek lehentasunezkotzat jo du haurrak dituzten eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen egoera, «haurrei ezartzen zaien zigor atxikia amaitu, eta artatzea senide eta konfiantzazko medikuengandik gertu jasotzeko eskubidea bermatu dadin». Adin handiko presoak eta espetxealdi luzeak bete dituztenak ere aintzat hartzeko eskatu du.

Azkarragak Espainiako Gobernu berriari eskatu dio ez emateko bizkarrik euskal gehiengo politiko eta sozialak egindako aldarrikapenei. Memoria izatearen beharra nabarmendu du, eta «orrialde mingarrienak justiziaz eta eskuzabaltasunez ixteko» eskatu du.

«Giza eskubideen urraketa»

Lasagabaster legelariak adierazi du Europako itunetan eta ebazpenetan oinarritu direla txostena osatzeko, baina Madrilek oraindik ez dituela kontuan hartzen araudiak. Haren esanetan, «euskal presoen oinarrizko eskubideak urratu» egiten ditu Madrilek.

Sarek adierazi du prest dagoela nahi duten taldeekin biltzeko, eta, halaber, horrelako dokumentuak beste instantzia batzuetan ere aurkezteko aukera aztertzen ari da; esaterako, Europako Parlamentuan. «Uste dugu garrantzitsua dela Europan egoera honen berri ematea ere, NBEko Giza Eskubideen Batzordearekin egin genuen moduan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.