Pobreziak «nabarmen» egin du behera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Jaurlaritzaren 2020ko inkestak dioenez, herritarren %90 ongizate egoeran bizi dira. Haurren pobrezia tasa 2008az geroztiko altuena dela neurtu dute: %11,7

ENDIKA PORTILLO / @FOKU.
Igor Susaeta.
2021eko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Pobrezia eta Gizarte Ezberdintasunak neurtzeko Eusko Jaurlaritzak 2020an egindako inkestak dioenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %90 ongizate egoeran bizi dira. «Europako herrialde aurreratuenetakoarekin aldera daiteke ongizate maila hori», nabarmendu zuen Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Gaietarako sailburuak, atzo, inkestaren emaitzak plazaratzeko egindako agerraldian. Haren esanetan, pobrezia eta ongizatea neurtzeko adierazleek «nabarmen» egin dute hobera azken bi urteotan. «Datuak harrigarriak izan daitezke pandemiak eragindako krisi ekonomikoaren testuinguruan». 2018an %6,1ekoa zen benetako pobrezia —baliabide ekonomikorik ez izatea oinarrizko beharrei aurre egiteko—, eta iaz, %5,6koa. Haurren pobrezia tasa —14 urtetik beherakoak—, ordea, 2008az geroztik neurtutako altuena da: %7,3koa zen duela hamahiru urte, eta %11,7koa iaz. Egunero fruituak, barazkiak eta proteinak jateko gaitasunarekin lotzen da tasa hori. «Arazo hori, nagusiki, immigraziotik datozen adingabeen familietan dago», azpimarratu zuen sailburuak.

Txosteneko datuetan ikusten da, Jaurlaritzak ohartarazi duenez, DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren egungo sistemak, zeina gehienezko kopuru batzuetan oinarrituta dagoen, kalte egiten diela, «nabarmen», bi seme-alaba edo gehiago dituzten familiei. Sailburuak uste du, horrenbestez, gizarte larrialdietarako laguntzak «egokitu» egin behar direla haurren pobreziari aurre egin ahal izateko.

Bi urtez behin egiten du inkesta hori Eusko Jaurlaritzak. Luis Sanzo saileko estatistika organoko zuzendariak aurkezpenean azaldu zuenez, ohikoena izaten da ekaina eta uztaila artean egitea, baina iaz, pandemia zela medio, ekaina eta iraila artean egin zuten, behin Espainiako Gobernuak ezarritako lehen alarma egoera bukatu zenean. Artolazabalen iritziz, pandemiak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko «euste horma bat» izan dira gizarte babeserako zerbitzuak eta programak, eta ondorio ekonomikoak «arindu» dituzte: «Inkesta honen emaitzak erakusten du sistemak funtzionatzen duela eta kolektibo ahulenen zailtasunak arindu dituela. Kolpea gelditzeko gai izan ginen». Horretarako hartutako neurrien artean, esaterako, zerbitzuen sektorean enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak eta DSBEaren ordainketa «malgutzea» aipatu zituen Artolazabalek.

Pobrezia tasa %16,1ekoa zen 1986. urtean EAEn. 1990eko hamarkadan nabarmen egin zuen behera, eta tasarik txikiena 2008an neurtu zuten (%4,2); hain justu, atzeraldi handia hasi aurretik. 2018ra bitartean gora eta gora egin zuen, eta %6,1era iritsi zen, baina azkeneko bi urteotan atzera behera egin du.

Kontrara, areagotu egin dira kolektiboen arteko desberdintasunak. Artolazabalen hitzetan, ordea, txosteneko emaitzak aintzat hartuta hori ez da gertatu egoera ahulenean dauden pertsonak pobretu direlako, baizik eta «egoera onenean daudenak are gehiago aberastu direlako».

Dena dela, pobrezia neurtzeko adierazleek, orokorrean, hobera egin zuten 2020an, 2018ko datuekin alderatuz gero: besteak beste, hornidura mozketek (%1,4tik %0,8ra); ez ordaintzeek edo atzerapenek (%6,5etik %5,6ra); eta neguan etxean hotza pasatzeari dagokionez (%9,3tik %6,9ra). Bide batez, oinarrizko gastuei aurre egiteko gai ez diren familien portzentajea jaitsi egin da (%5,6tik %4,8ra), baita ezohiko gastu bati —900 euroan ezarria— aurre egin ezin dietenen portzentajea ere: %23,1etik %16,3ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.