Koronabirusa

Saguari isatsetik heldu nahian

Kaleak hutsik daude, eta kezkak bete ditu Ordiziako etxeak. Itxialdiaren lainoa agertu da, eta penaz eta amorruz bizi dira ordiziarrak fokuan, uztailekoak ez diruditen egun hauetan.

Ordiziako Majori kiroldegia, atzo, itxita. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
jon ordonez garmendia
Ordizia
2020ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Zuk ba al dakizu nola harrapatzen duen katuak sagua?». Kezka adina galdera dabil igandeaz geroztik Ordizian (Gipuzkoa), eta kalea asko zapalduz aparteko talaiatik hitz egiten duen ordiziar horrek bere erantzuna eman du, galdera ikur batekin, pentsalariek bezala. Asteartea da, eta, bezperan ez bezala, jende gutxi dago Etxezarreta kalean jarri duten PCR probak egiteko guneko ilaran. Baita kanpoan ere.

Egutegia nahastu egin da egun hauetan Ordizian. Igandea uztailaren 5a zen, baina atzokoak gehiago zirudien abuztu erdiko arratsalde bat, CAF fabrika handia oporretan, herria hutsik duten horietako bat. Bazkalondoan jende gutxi terrazetan, kafearen izotza urtu aurretik azken trago hotza ematen duenak bezala, kaleko gerizpeaz agian azkenekoz gozatu nahi dutenak. Biharamunean agian ekaina izango baita, berriro. Edo okerrago: maiatza. Goizean koronabirus fokuak 30 positibo eman dituela esan dutenetik, eguzkipean ere itxialdiaren laino beltza ikusten da Ordizian.

«Nik uste dut hirugarren fasera eramango gaituztela», dio Bibiana Lazon Olano tabernako zerbitzariak. Plazatik kanpo, hori bezalako leku gutxi daude Ordizian herriaren joan-etorriari so egiteko. Are gutxiago PCR probak egiteko gunea aurrean duenetik. «Gaur lasai dago dena. Atzokoa eromena izan zen. Proba eginda, atera, eta batzuk hona etortzen ziren zerbait hartzera. Guk esan behar izaten genien etxera joateko, eta, azkenerako, udaltzain bati esan genion», dio harrituta Phil Huxford tabernaren jabeak.

Mertxe Korta etxera doa. Bere kuadrillako batek positibo eman du, eta PCR-ak egiteko gunetik atera berri da. Laguna herri antzokian izan zen, zineman, eta, ondoren, Miami tabernan egon zen, pintxo bat jaten. Ez dakite hor kutsatu ote zen, baina positibo eman du, eta, haren mezua jaso ondoren, atzetik kuadrillako zortzi lagun joan dira proba egitera. Eroski Bidaiak agentzian egiten du lan, oporrak antolatzen normalean, eta orain, batik bat, oporrak bertan behera uzten. Abuztua edo ekaina, ezohikoa uztail hau.

«Itxita, bezero gehiago»

2.000 lagunek baino gehiagok egingo dute egunotan PCR proba Ordizian. Itxita daude asteburuaz geroztik Etxezarreta kaleko Sarri, Haka, Miami eta Kebab tabernak, baina irekita zeudenean baino bezero gehiago dituztela orain dio batek, berez horiei soilik eskatu zaielako proba egitera joateko. Jendeak proba egin nahi du, ordea; kaleak hutsik, kezkak hartu ditu etxeak.

Txemi Arteagak Etxezarreta kalean du Nahikari goxoki denda, eta lau taberna horietako bezero asko izaten ditu, zinemazaleekin batera. Konfinamenduan, hilabetez itxita eduki zuen denda, eta etxeetan banatzen zituen goxokiak. Maskara beharrezkoa da dio argi erakusleihoan duen kartelak. «Lasaitu egin gara, eta argi ikusten zen horrelako zerbait gerta zitekeela. Guk hemen ikusten genuen. Jendea ez zen gogoratzen maskara jartzeaz, edo patrikan eramaten zuen». Amorrua ematen dio horregatik. Astelehenetik ez dabil haurrik kalean. Igerilekua, liburutegia, jolas parkeak eta frontoia berriro itxi dituzte. Eta herriko jolasgune handienean, plazan, jolasteko inor ez dago; ezta gaur ohiko azokarik ere.

Iker Zubizarretak pena du, umeengatik. Bi haurren aita da, eta PCRa egina du. «Udalekuak hastear zirenean, berriro atzera. Berriro zigor handiena eurentzat da». Gertu, Olano tabernan, bi bezero terrazan, eta pentsalariak dio: «Sagua harrapatu eta hanka artean ibiltzen du katuak, batetik bestera, jolasean. Hori gertatu zaigu: jolasean ibili gara, eta isatsa berriro ezin harrapatu gabiltza orain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.