Argindarra %13 merkatuko duela agindu du Madrilek

Gasaren, petrolioaren eta argindarraren sektoreko konpainiek finantzatuko dituzte berriztagarriak, eta ez kontsumitzaileek, lege berri bati esker

Argindar sare batean konponketak egiten. BERRIA.
xabier martin
2020ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Argindarraren prezio garestia eskandalurako bide izan da azken urteetan, prezioak ezartzeko Espainiako sistemak eraginda, eta Madrilek muga jarri nahi dio herritarrek pagatzen duten faktura garestiari. Maria Jesus Montero ministro bozeramaileak iragarri du Espainiako Ministro Kontseiluak tramiterako onartu duela lege egitasmo berri bat. Fakturatik aterako luke arau berri horrek kontsumitzaileek ordaintzen duten berriztagarrien finantzaketa. Nola? Gobernuak funts bat sortuko du orain arte kontsumitzaileek pagatzen duten kontzeptu hori zenbait konpainia handiren bizkar uzteko. Gasaren, petrolioaren eta argindarraren jardueran aritzen diren enpresa handiek elikatu beharko dute berriztagarriak finantzatzeko funts berri hori, eta, hala, argindarraren faktura %13 merkatuko da bost urteko epean, betiere Montero ministroaren arabera.

Argindarraren sistemaren jasangarritasunerako funts berri horrek finkatuko du kogenerazioa, berriztagarriak eta hondakin bidezko sorkuntzaren gastua fakturatik aterako dela, guztira 7.000 milioi euro. Argindarraren gastu arautua 17.000 milioi euro da gaur egun. Sareei dagozkie 10.000 milioi euro, eta CNMCk ordainarazitako sarien bidez ordaintzen dira. Beste 3.000 milioi euro konpainiei iraganean zorretan utzitakoa ordaintzeko kopurua da; eta 7.000 milioi berriztagarrien finantzaketari dagozkie. Fakturaren %16 izaten da berriztagarrien atala, eta hori da fakturatik aterako dena.

Industria handiak ere bai

Bost urtean %13 merkatzea aurreikusi du Espainiako Gobernuak. «Europako beste hainbat herrialderen fakturaren egituren pare jarriko dugu gurea, Alemaniaren pare kasurako», esan du Monterok. Eta erantsi du lege berria onartu ezean argindarraren faktura %10 igo daitekeela aurki.

Bestalde, kontsumitzaile elektrointentsiboen estatutua ere onartu du Espainiako Gobernuak, hau da, argindar asko erabiltzen duen industriarena. Besteak beste, altzairugintzaren sektoreari mesede egingo dio estatutu berri horrek, labe elektrikoek behar duten energia handiaren faktura merkatuko baitu.

Aspaldian ari ziren siderurgiako enpresak argindar merkeagoa eskatzen, atzerriko konpainia handien aldean lehiakorrago izateko. Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeetan, gainera, faktura hori are handiagoa zen, enpresek erabiltzen duten konexio mota ezohiko baten ondorioz, eta auzia Madrilera eraman zuen EAJk negoziatzeko gai gisa. 2017an, PPrekin egindako itun bati esker, tarifak jaitsi zituen Madrilek, baina sektoreak prezio lehiakorragoak eskatzen jarraitu du urteotan, eta duela bi urte hasitako prozesua amaitu du orain Espainiako Gobernuak: elektrointentsiboen estatutu berria. Porlanarekin eta paperarekin aritzen direnei ere mesede egingo die aldaketak, enpresek baldintza jakin batzuk betez gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.