Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Kutxa gotortua

2022ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Lagun batek gonbidatu gaitu etxe berrira. Etxe berri guztiek legez lilura sortzen dute beren hasierako anabasa horretan. Kartoizko kutxa garaia oso aproposa da garbiketa egiteko, eta aspaldian gordea zenuen ezinbesteko hura hain ezinbestekoa ez zela jabetzeko. Harrigarria da zenbat daramagun etxetik etxera, eta zelan goazen gure bizitzaren zati garrantzitsuak apurka-apurka baztertzen. Denbora da.

Kontua da lagunak bisita gidatua egin zigula gelarik gela. Egongelara ailegatuta etxearen misterioa aurkitu genuen: kutxa gotortu bat. Itxita. Horrela jaso zuen lagunak. Aurreko jabeak ez zekien zein zen gakoa, eta horrela eman zion lagunari. Eta orduantxe hasi gintzaizkion bueltak ematen kontuari. Itxita dagoen segurtasun kutxa bat zarratuta badago barruan zerbait duelako da. Horixe zen (eta da) nire teoria. Zer izan ote lezake kutxa gotortu batek bere barruan? Eta bertan balego Zumalakarregiren eguneroko ezezaguna? Edota pistola bat? Agian harri baliotsu edota urre zati bat egon litezke, jabegoren baten agiria... Zuk zer egingo zenuke zenbaki zuzena noiz sartuko duten zain dagoen segurtasun kutxa baten aurrean? Zenbakiak sartzen hasi ginen, jakina. Okerrekoa etengabe, eta argi gorria behin eta berriro. Txundituta geratu nintzen bere barruan zerbait zuen kutxa horren aurrean. Nola liteke lehengo jabeak jakin ez izatea zein zen gakoa? Zer zegoen barruan? Laguna lasai dago, ez dio ezelako jakin-minik pizten! Ez iezadazu esan inoiz ez zaizula pasatu ordenagailua eraman konpontzera eta bueltan zureak ez diren artxibo batzuk aurkitzea? Edota sakelako berrerabilitakoa erosi eta aurreko jabearen argazkiak aurkitzea? Lagunak gako barik jarraitzen du, eta gu segurtasun kutxa horrek bere barruan zer duen jakiteko irrikan gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.