Ander Perez Argote
LARREPETIT

Haize berriak

2023ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
EH Bildu UPNrekin zinegotzitan berdintzetik 779 botora gelditu izanak amorrua eragin digu iruindar askori, baina ez, perspektiba historiko pittin batekin, emaitzei balioa ez emateko beste. Asteon zabaldutako mapak, auzoak koloreka margotzen dituenak, are gehiago poztu gaitu. Koalizioa Iruñeko 75 sekziotan izan da nagusi, UPN 72tan. Kolore berdea da seinale. Aitak mapa whatsappez bidaltzeko eskatu dit, lagunenartean banatu nahi duela.

Abertzaleen gorakada ikusita, pentsatzekoa da, Iruñeko soziologia asko aldatu ez bada behintzat, koalizioaren proiektu politikoarekin —edo azken helburuarekin, independentziarekin— erabat bat egiten ez duen askok hautatu duela EH Bildu. Numeroek kuadratuko badute, litekeena da euskararekin eta euskal kulturarekin harreman gutxi edo batere izan ez duten hainbatek ere babestu izana. A ereduko ikasle batzuengan pentsatzen ari naiz, adibidez, etorkin batzuengan ere bai.

Eta ez dakit lau urte barru berdin bozkatuko ote duten. Baina uste dut badela marra bat, behin pasata, posible denaren zerumuga zabaltzen duena. Aukera ematen duena, adibidez, egun hirian euskaraz egiten den musika jende gehiagok ezagutu dezan. Jende gehiagok jakin dezan zer ari den gure hizkuntzan idazten. Igo dadin, amestu dezagun, Iruñeko euskaltegien matrikulazio tasa. Gozatu dezaten euskararekin, eta, zergatik ez, euskaraz sortu.

Eta hori ez dagokie alderdiei bakarrik, ez eta nagusiki. Baina ongi legoke horiek lau urtean behingo bozkatzailetzat ikusi partez, proiektu baten kide potentzial ikusiko bagenitu. Ongi legokeen bezala kulturaren transmisioaren auzia lehendik gerora planteatu ordez orainean ulertuko bagenu, eta aldetara zabalduz.

Iritsi berriekin hori lortuko bagenu ere, lehendik zeuden asko geldituko litzaizkiguke oraindik, badakit. Beti abertzale bozkatu izanagatik beti bertakoari bizkar bizi izan direnak. Baina horiekin esperantza gutxiago dut. Izatekotan, haize berriak ekarriko ditu toki horretara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.