nerea loiola pikaza
LARREPETIT

Ez osa, ez kidetza

2022ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Semeak berekin futbolean jolastu nahi zuela esan zionean, ikusi zituen hormigoizko futbol-zelai urdinak han-hemen zeuzkan arrakalak. Ikusi zuen arrakala horietako batean orkatila bihurritzeko arriskua. Hala ere, baiezkoa esan zion semeari, ez lehendabizikoan, baina bai ondoren; oporretako lehen eguna zuen. Ez zuen ikusi, ordea, zulo horietako batean orkatila bihurritu ezkero egin zezakeen lesioaren benetako larritasuna eta, batez ere, ez zuen aurreikusi lesioa sendatzeak eskatuko zion dedikazioa, inpotentzia eta dirua.

187 egun pasako dira uztailaren 30ean orkatila bihurritu zuenetik otsailaren 2an traumatologoak lehen aldiz ikusiko duen arte, sei hilabete eta lau egun. Ia 1.000 euro gastatu ditu dagoeneko mediku pribatu batean eta hark bidalitako erresonantzia magnetikoan, hanka immobilizatzeko bota ortopedikoan eta errehabilitazio saioetan. Lesioa egin zuen egunean ospitale publikoan artatu zuten, erradiografia bat egin eta hezur hausturarik ez zuela esateko; eta ondorioz,2. graduko bihurdura bat diagnostikatu: hamabost eguneko atsedena, izotza eta antiinflamatorioak; eta traumatologoarekin hitzordua hartzeko ondoren. Gaur arte. Tira, ez da egia, otsailaren 2ra arte. Hilabetera, oina okerrago zuelako, ordainpeko erresonantzia egitean jakin zuen ez zela bihurritu soil bat izan eta tratamenduak beste bat behar zuela hasieratik. Informazio hau guztia motxilan hartuta familia medikua hainbat aldiz bisitatu ondoren, pasa den astean lortu du bide publikotik errehabilitazioarekin jarraitu ahal izatea.

Nik ez dakit traumatologorik ez dagoen, gutxiegi dagoen edo zer den gertatzen dena, baina osasunak ezin du pribilegio bat izan. Luzeak dira itxaron zerrendak. Nire kontsulta eguna baino lehenago iritsiko da Abiadura Handiko Trena Donostiara. Alferrekoak dira aitzakiak, goikoek dirua behar den lekuan jarriko balute, poltsikoa beteagoa izango nuke nik eta osasun zerbitzu publiko hobea denok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.