Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Christie eta ostutako eskuizkribuak

2021eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Urteak dira Agatha Christie irakurtzen ez dudala. Hasieran nahaste-borraste izugarria izaten nuen hainbeste pertsonaiarekin, eta, nobelaren klimaxari ezin eutsirik, hiltzailea nor zen jakiteko amaierako orrialdeetara joaten nintzen. Irakurtzeko erritmoa nire jakin-mina baino mantsoagoa zen. Egunotan Miss Marple-rekin gogoratu naiz. Azken asteotan mundu anglosaxoian jarduten duten idazle eta editoreak aztoratuta daude. Eskuizkribu originalak eskuratzen ari da norbait amarru zaharra baliatuz: editorearenak edo literatur agentearenak bailiran, e-mailak bidali dizkiete Margaret Atwood, Ian McEwan edo James Hannaham-i, eta izkribu originalak lortu dituzte. Inork ez daki zertarako, erreskaterik ez baitute eskatu. Internet ilunean ere ez omen dabiltza, eta merkatu beltzean ez da ezelango salmentarik izan. Hau, bestetik, albiste ona da: merkatu beltzean literatura salgarria izan liteke, nonbait.

2018an, bigarren eleberria idazten ari zela, Cynthia D'Aprix Sweeney-ri pasatu omen zitzaion. Bere agentearen izenean idatzi zioten bigarren eleberri horretaz galdezka. Idazlea zur eta lur geratu zen oso sekretuan ei zeramalako sortze prozesua. Suedian, Italian edota Thailandian pasatu omen da, eta duela aste batzuk Ameriketako idazle zenbaiti pasatu ei zaio.

Shoshana Zuboff soziologo estatubatuar ezagunak ez du hain umoretsu hartzen. Esaten duenez teknologia jaunek intimitatea lapurtu digute, gure pribatutasun guztia. Are gehiago, marra gorriak pasatu dituztela uste du Zuboff-ek, eta teknologia etxe handiek darabiltzaten zenbait modu legez kanpo utzi beharko liratekeela. Agerian dago lapurra(k) teknologiaz baliatu d(ir)ela idazleen editore/agenteen e-mailetan sartzeko. Edozelan ere, eleberri honetan niri neuri datuak falta zaizkit; idazleek izango dituzte kopiak, eta, hortaz, zergatik ez dituzte liburuok kaleratzen argitaletxeek? Miss Marple behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.