Samara Velte.
LARREPETIT

Miserien turistak

2021eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Marjinaltasuna erretratatzen zuen Diane Arbusek. Bere argazkietan, gizartetik baztertutako eta seinalatutako pertsonak agertzen ziren: besamotzak, txikiak, erraldoiak, siamesak eta trabestiak, besteak beste. Susan Sontagek kargu hartzen zion horregatik. Haur batek kalean begirada eskale batengan iltzatzen duen moduan begiratzea leporatzen zion: bitxikeriak bailiran, bere normaltasun erosotik kasik irrigarri. Miserien turista baten gisara.

Kamerak, nahi baino gehiagotan, sufrimendua banalizatzen zuela zioen Sontagek: egoera lazgarriekiko sentsibilitateapizteko asmoz jarduten duten argazkilari askok ere, azkenerako, entretenimendurako pieza estetiko bihurtzen dituztela euren irudiak. Munstrotasuna edo sufrimendua behin eta berriro ikusteak, sentsibilitatea eta kontzientzia piztu ordez, sarritan itzali egiten dituela argudiatzen zuen. Berdin gertatzen zitzaion Holokaustoko irudi batzuekin: «Minaren bilaketa masokistak sentsazio intentsoen bilaketa bat dakar sarritan. Baina beste azalpen bat ere egon liteke, justu kontrakoa: ez dugu mina bilatzen gehiago sentitzeko, gutxiago sentitzeko baizik».

Prentsan ere, kazetari zein irakurleoi, antzeko zerbait gertatzen ez ote zaigun pentsatzen dut batzuetan. Zuk zeuk ere, egunkariaren erdialdeko orri hauetaraino iritsita, honezkero igaro dituzu gure munduko drama larrienen laburpen batzuk, goizero antzekoak direnak: akaso Yemengo egoera deskribatzen dizun elkarrizketa bat —gerra, gosetea, covida eta, orain, nazioarteko blokeo bat—; albiste laburtxo bat Europa ekialdean hiltzen ari diren milaka iheslariei buruz; eta zenbaki bat, datu gisara: norbaitek 26 urte daramatza AEBetan heriotzaren korridorean. Baina guk, turistok, hogei minututan zeharkatu ditugu planetaren miseriak, eta sumatu dugun aldaketa bakarra da eskuan dugun kafea apur bat epelago dagoela orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.