Industriaren datu negatiboek ekonomia moteldu dute

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa %2,1 hazi da azken urtean, iragarri baino 0,1 gehiago. Enpleguaren sorrera moteltzen ari da

Iker Aranburu.
2019ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Eustatek aldaketa txiki bat egin du urriaren amaieran aurreratutako datu makroekonomikoan. Orduan esan zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barne produktu gordina %2 hazi zela azken urtean, baina datu hori gorantz berrikusi zuen atzo: %2,1 hazi da 2018ko hirugarren hiruhilekoarekin alderatuz gero. Urte osorako %2,2ko hazkundea iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Urte amaieran hondamendirik ez badago, kopuru horren inguruan ibiliko da azken datua. Hiruhileko arteko datua ere berrikusi du Eustatek: orain dio uztailetik irailera %0,5 hazi zela ekonomia, hamarren bat gehiago.

Aldaketarik ez dago, ordea, ekonomiaren sektore desberdinen jokaeran. Orduan bezala orain ere, industriak egiten dio galga ekonomiari. Horrela, hiruhileko arteko tasan hazkunde negatiboa izan du bigarren sektoreak: -%0,2. Gainera, energiaren ekarpen positiboak —Petronorrek urte hasieran izan zituen arazoak gainditutzat jo ditu— lausotu egin du gainbehera: manufaktura industria hutsak %0,4 egin du behera. Urte arteko tasa oraindik positiboa da sektore osoan (%0,7).

Berez, tasa negatiboa duen sektore bakarra lehenengoa da: duela urtebete baino %1,8 txikiagoa da. Nekazaritzaren eta arrantzaren ekarpena oso gorabeheratsua izan ohi da, eta txikia da hiru lurraldeetako barne produktu gordinean duen azken eragina. 2018an, esaterako, 659 milioi euroko ekarpena egin zion lehen sektoreak ekonomiari, BPG osoaren %0,85.

Hazkunde tasa sendoak dituzte, berriz, beste bi sektoreek: kontsumo publiko eta pribatu egonkor bati esker, zerbitzuek hamarren bat igo dute beren hazkundea —%2,5etik %2,6ra—, eta eraikuntzak %2,9ko hazkundeari eutsi dio.

Eskaerari dagokionez, kontsumo pribatua indarra galtzen ari da —+%1,8 azken urtean—, baina bere lekua hartzen ari da kontsumo publikoa —+%2,4—. Kapital eraketa gordina edo inbertsioa asko moteldu da azken urtean: urtebetean %4,8 zena %2,2 bilakatu da.

Bizkaia, hobeto

Herrialdeei dagokienez, Arabak eman du hazkunde tasarik txikiena (%1,6), hor dutelako pisurik handien bai industriak eta bai nekazaritzak. Industriak, berriz, Bizkaiari egiten dio ekarpenik txikiena, eta, ondorioz, hark izan du hazkunde tasarik handiena azken urtean (%2,3). Beste bi lurraldeen erdibidean dago Gipuzkoa, %2,1eko hazkundearekin.

Industriaren pattalaldia antzematen da enpleguaren sorreran.Eustaten arabera, azken urtean 15.219 enplegu sortu dira —lanaldi osoaren baliokide diren lanpostuetan—, baina horietatik 1.102 bakarrik daude industrian. Are gehiago, azken hiruhilekoan 153 enplegu galdu ditu sektore horrek. Azken urtean ia 10.000 langile batu dira zerbitzuetara, eta700.000 langileren langa gainditu dute. Langileen %71,3 dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.