Kataluniako murgiltzearen auziko helegiteak baztertu dituzte epaileek

Hezkuntza kontseilariari agindu diote bermatzeko irakastorduen %25 gazteleraz izango direla

Kataluniako murgiltze ereduaren aldeko manifestazio bat, apirilaren 2an, Bartzelonan. QUIQUE GARCIA / EFE.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak baztertu egin zituen atzo Generalitateak Kataluniako murgiltze ereduaren auzian aurkeztu zituen azken bi errekurtsoak. Helegite horien bitartez, Kataluniako Gobernuak indargabetu egin nahi zuen auzitegiakhezkuntza sistemaren eredu linguistikoa moldatzeko egin dion eskaera: neurriak har ditzala ikastorduen gutxienez %25gazteleraz izan daitezen. Auzitegiak 2020an eman zuen sententzia bat betearazteko galdegin zion horrela, eta hamabosteguneko epea ezarri zionhorretarako, maiatzaren 9an. Generalitatearen helegiteakbaztertuta, berretsi egin du eske hori.

Kataluniako Gobernuak errekurtsoan aurkeztutakoaren kontra, auzitegiak adierazi du hezkuntza sisteman ikastorduen gutxienez %25 gazteleraz ematera derrigortzeak ez dituela ikasleen eta irakasleen eskubideak urratzen, eta auzitegiak baduela ehuneko hori ezartzeko eskumena.

Finean, magistratuen ebazpenak Cambray kontseilariari agintzen dio 2020ko sententzia betetzeko: «Hezkuntza kontseilariak irakasleen arloko jarraibideak, ebazpenak eta zirkularrak eman behar ditu, gutxienez oinarrizko ikasgaietan eskola orduen %25 gazteleraz izan daitezen».

Beste helegiteari dagokionez, epaileek ebatzi dute ez dagoela arrazoirik Omniumi, Plataforma Per La Llenguari (Hizkuntzaren Aldeko Plataforma) eta hezkuntza arloko beste sindikatu batzuei auzian pertsonatzeko eskubidea onartzeko. Epaileen iritziz, elkarte horiek ezin dira auzian kaltetutako gisa onartu.

Ebazpenak bost epaileetako biren boto partikularrak izan ditu.

Generalitatearen dekretua

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak Generalitatearen helegiteak aztertu bitartean, gobernua prestatzen aritu da 2020ko sententzia betetzea eragozteko. Besteak beste, dekretu bat onartu du, eta han jaso du hezkuntza sisteman ezin direla ezarri hizkuntzen irakaskuntzarako zenbakizko «parametroak, proportzioak eta ehunekoak». Hala, Generalitatearen helburua da Kataluniako Auzitegi Nagusiaren sententzia betetzea legez ezinezko bihurtzea.

Bestalde, dekretuak argi uzten du ikastetxe bakoitzeko hizkuntza proiektuen erabakiak hartzeko azken ardura, azken batean, Hezkuntza Kontseilaritzarena dela. Dekretua ezohiko batzorde exekutibo batean onartu zuten, maiatzaren 30ean, eta hurrengo astean aurkeztuko du Generalitateak, Kataluniako Parlamentuan.

Alderdi politikoek, berriz, adostasun zabala lortu zuten katalanaren lege berri baten inguruan. Parlamentuak ekainaren 8an onartu zuen, ERCren, Junts Per Catalunyaren, PSCren eta Catalunya en Comu-Podemen babesarekin. Legeak jasotzen du katalana transmisiozko hizkuntza dela Kataluniako hezkuntza sisteman, eta gaztelera, berriz, ikasketa hizkuntza. PPk, Ciudadanosek eta Voxek Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren aurrean salatu dute legea.

Dekretuarekin ere berdin egingo dutela iragarria dute hiru alderdiek. Oraingoz, neurriak Estatutuak Bermatzeko Batzordearen bermea jaso du. Hark ebatzi duenez, dekretua ez da Estatutuaren eta Konstituzioaren aurkakoa, eta gaineratu du soilik Generalitateari dagokiola hizkuntza ofizialen tratamendua arautzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.