Ander Perez Argote
LARREPETIT

Hurbilago

2022ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Ni ere joaten nintzen kultur ekitaldietara, sartu, eseri, entzun eta alde. Gero tokatu zitzaidan beste nonbaitetik ere begiratzea. Jendea harritzen da finala prestatzeko lanetan urtebete daramagula jakitean.

Ni ere harrituko nintzateke: berez, zortzi bertsolari dira oholtzan, mikro bati kantari. Berez, hori bakarrik, baina ez. Nafarroa Arenako langileek toki gehiagorik ez dagoela esaten digute irri artean, bete dugula pista toperaino, harmailetan ez dagoela tokirik sobran, okupatu ditugula inguruko areto, gela eta gelaxka guztiak ere, langileen kontsigna eta jantokietarako, haurren txokorako, ganbararako. Inguruko terrazetan toki egin diegu finalera datozen hamarnaka hedabideei, txoko bana du zuzeneko emanaldirako kameretako bakoitzak, neurtu dugu zenbat metro koadro behar dituen itzultzaileen kabinak, epaileei gorde diegu mahai luze bat jartzeko beste toki, eta ateen tarteko txokoak baliatu ditugu materiala saltzera datozen eragileen postuetarako. Hainbeste bisita eta gero, lotarako toki bat ere jarriko al diguten adarra jotzen digute bertako langileek.

Bitartean, Iruñea erdibitzen ikusi dut, zorte ona opa dizutenen eta zertaz ari zatzaizkion ere ez dakitenen artean. Egokitu zaigu udaltzainekin hitz egitea, Nafarroako Gobernuko agintariekin, Osasunako zuzendaritzako kideekin, NUPeko errektoreordearekin, hoteletako langileekin, catering enpresekin, mankomunitateko teknikariekin, garbitzaileekin, ostalariekin, denetariko teknikariekin. Azaldu behar izan diegu zertaz ari garen. Zaila da bertsolaritzaren terminologia erdaraz.

Egun gehiago ere nahiko genituzke, baina sekula ez litzateke aski. Iritsi behar denean iritsi da eguna. Irudika ditzaket eguneko titular batzuk, Iruñea, euskararen hiriburua gisakoak, eta ihes egin nahiko nuke hortik. Biharamunean, tamalez, orain arte bezain aparte egongo da Iruñea euskaldun askorentzat. Iruñeko erdaldun askorentzat, aldiz, euskara pixka bat hurbilago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.