Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Nazionalitateaz

2023ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
«Zein gauza korapilatsua da aberriarena», pentsatu nuen lagun batek kontatu zidanean seme-alabei zein nazionalitate eman erabaki behar zutela. Bizitzan egokitu zaizun nazionalitatea ez duzunean maite, nor zaren adierazten ez duenean, ez ote du garrantzirik galtzen? Noski, ez da berdin europar nazionalitate bat edo beste nonbaitekoa. Badakit. Hau esatea trauskilkeria dela esango dizu norbaitek, modernitatearen aurkakoa, norbere zilborretik harago mundua dagoela ez ikustea. Baietz bera pozik egon egokitu zaizkion paperekin? Harago joatearren eta baldarkeria oro uxatze aldera, noiz otuko zaio norbaiti, adibidez, europar nazionalitate bat? Eremu urriko hizkuntzen nazionalitate bat?Norberak hauta dezakeen bat? ArantzazuLab-en lan egiten du Ione Ardaizek, eta lehengoan ziostan hamarkada pare bat barru hau ere aldatuko dela seguruen, eta irudika ezin ditzakegun moduak agertuko direla. Akorduan daukat, behin, irratira entzule batek idatzi zuela azalduz AEBetako hauteskundeetan bozkatzeko aukera izan zedin bete behar zuen galdeketa antzeko batean arrazagatik galdetu ziotela, eta berak jarri zuela berea: kaukasiar pre-indoeuroparra. Onartu zioten.

Honekin denarekin gogoratu naiz ikusterakoan Nikaraguan agintean dagoen Daniel Ortegak, traizio aitzakia, nazionalitatea kendu diela hirurehundik gora nikaraguarri. Tartean Sergio Ramirez edo Gioconda Belli idazleei. Nazionalitate barik denbora gutxi eman dute. Atoan izan dute nazionalitate merkatuan zer aukeraturik. Bellik txiletarra aukeratu du. Non ezkutatuko dut nire bihotzeko herri hau beste inork kolpatu ez diezadan?, Gioconda Bellik txiletar nazionalitatea onartu du poema batekin. Sergio Ramirezek bestelakoak esan dizkio BBCri: aberria azal azpian dago, hezurretan; paperek ez dute garrantzirik. J.L. Otamendiz gogoratu naiz. Nik ere aberriaz ahaztu nahi nuke... errepika ezin ederto baitatorkio istorioari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.