Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Ijitoa, sindikalista eta guardia zibila

2022ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Asteartean hil zen Kostas Fragoulis 16 urteko greziar ijitoa. Egun batzuk lehenago Tesalonikako gasolindegi batetik, antza, 20 euro ordaindu gabe alde egin zuen. Mikel Azurmendiren 72ko George Jackson poema eguneratu zuen: «70 dolar xuri Jackson, hi akabatzeko gosez eta beltza hintzelako». Pireoko portuan beste ijito armagabe bat hil zuten poliziek, 30 balarekin 2021ean. 2008an 15 urteko Grigoropoulos.

Asteazkenean Parisko auzitegiak libre utzi zuen abizen publikorik gabeko Alexandre CRS polizia: 2016an lan legearen kontra manifestatzen ari zen Laurent Theron sindikalista granada batekin begibakar utzi zuen. Lucie Simonek, sindikalistaren abokatuak, ez zuela ulertzen esan zuen. Auzitegia eskoltatzen zuten poliziek ere ez zuten sinesten epaia: norbait itsu uztea zigorrik gabe, printzipioz bestearen segurtasuna bermatzeko lanean zaudenean. Simonek «poliziaren zigorgabetasuna» aipatu zuen irteeran, ez zela «epai arrazional bat» izan, «emozionala izan da, sentsazionalista». Theron babesteko bertaratutakoek aski ongi oihukatzen zuten, ordea: «Polizia edonon, justizia inon ez».

Azaroaren hondarrean, Madrilgo Diputatuen Kongresuan, euskal diputatu Santiago Abascali distiraz erantzun zion Pedro Sánchezek: «Gogoratu nahi dizut presidente naizenetik 1.581 guardia zibil daudela Nafarroan. Alegia, duela lau urte baino 94 gehiago; Alderdi Popularra gobernuan zegoenean 390 guardia zibil kendu zituen Nafarroatik. Egin duguna da, jaun-andreok, trafikoaren eskumena pasatuta Nafarroako Foru Estatutua bete eta, beraz, Espainiako Konstituzioa». Alegia: ustez Nafarroara eskumen bat pasatzearen ondorio automatikoa izango da orain foruzain gehiago egongo direla eta guardia zibil berak edo gehiago.

Ez da beste polizia bat posible; dago bizirik eta osorik, oparo eta lasai pasatzea egunak, eta dago kapitalismoa bere indarkeria guztiekin, polizia eta epaileak buru. Horregatik jokatzen da fight hau zure ezaguna oposizioetara ez dadila aurkeztu konbentzitzen saiatzen, gero izango da beranduegi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.