Ander Perez Argote
LARREPETIT

Errealitatea

2023ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Elkarri erakutsi diogu egunkaria tabernara sartu garenean. Ate ondoan zintzilik dute Diario de Navarra. Jai eguna da, eta lau zutabera titulatu dute eguneko gaia: Belaunaldi aldaketa eta nazionalismoaren pisua,nafar identitatearen arriskuak.

Ez dakit titularrak grazia edo amorru gehiago eragin digun.Ez dakigu gu kokatzen gaituzten belaunaldi aldaketaren baitan. Nazionalismoaren barne seguru baietz. Argi duguna da, elkarri ezer esateko beharrik gabe, gutako inork ez duela zalantzan jarri bere nafar identitatea.

Bere absurdoan, eta bere hitzetan, gure artean behin baino gehiagotan komentatu izan duguna berrestera dator artikulua. Nafarroa aldatzen ari da. Eta hauteskunde garaian gaudela aprobetxatuta, adibide bat: UPNk beste zerrenda aurkeztu du EH Bilduk, Nafarroa osoko 70 herritan. Edo beste datu bat, Asironek Iruñeko alkatetzarako aukerak dauzkala asko komentatzen den horretan: ez dakit hala izango den, zaila dago asuntoa, baina planteatze hutsa asko dela iruditzen zait. Ezkerreko abertzaletasunak UPNri parez pare begiratzea, esan nahi baita. Datorren tokitik etorrita.

Eta ez dakit ohartzen garen. Ez dakit ohartzen garen zer den Lizarrako, Tafallako edo Agoitzeko alkatetzak abertzaleen esku egotea. Ez dakit ohartzen garen zenbat euskararen egun antolatzen diren Nafarroa hegoaldean azken urteetan. Nola jartzen dituzten Erriberako nekazariek haien produktuak euskararen aldeko proiektu baten zerbitzura.

Bere tokian utzi dugu egunkaria. Ez du zentzurik abertzaletasuna eta nafar identitatea ez daudela kontrajarrita defendatzen hasi behar izateak. Txanpon beraren bi aldeak direla aldarrikatzen ere ez gara hasiko, altuera hauetan. Bere kabuz ari da errealitatea. Mantso, baina ari da.

Aspaldi zen taberna honetara ez gentozela. Kutsu atzerakoi zaharmindua hartzen genion lehenago. Azkenaldian irakurri dugu jabez aldatu dutela, gazte batzuek daramatela. Euskaraz eskatu ditugu bermuterako tragoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.