Albistea entzun

LARREPETIT

Txorien mintzo sekretua

Blanca Urgell -

2023ko maiatzak 24

Txantxangorria, urretxindorra, kardantxiloa, birigarroa eta txolarrea, izenak ezagutu ezagutzen ditut, baina euren izanaz den bezainbatean ez gabiltza hain ondo. Belea zein belatxikia, mika eta enara edo sorbeltza bai, zozoa azkenotan ere bai, franko daude-eta Gasteizen, Judimendiko parkean adibidez, baina osterantzean niretzat txoriak «txori», besterik ez. Hau ez da ona.

Salburuko parketik nabilenean, edo etxe aurrean paratzen naizenean, bere-berehala harrapatzen naute txorien kantuek. Txorrotxio, txiotxio, txinta eta txioek. Zein norena den, ordea, ezer ez. Arnegagarria, ezta?

Ba hori ez da deus. Gaur ikasi dut txori kantarien eta loroen mintzoa gizakiarenetik gertuago dagoela gainerako hominidoena baino. Animalia askok ezin dute hotsak imitatzen ikasi. Tximinoak berez dituen bokalizazioak beste era batera edo beste balio batekin erabiltzen ikas dezake, baina ezin berririk ikasi. Delfin eta saguzarrek, elefante eta fokek, eta baleek ere badute gaitasun hori, ordea.

Aparteko gaitasunak aparteko tresnak behar ditu garunean: zirkuitu mota jakin bat gune kortikalean, eta laringearen mugimenduen gaineko kontrol fin-fina. Halere, ez da beharrezkoa giza adimenaren antzekorik ere izatea, ahoskatzea hizkuntzaren kanpoko alderdia baino ez baita: barruan zer dabilen, hori beste kontu bat da.

Tira. Txoriak ere gauza dira hots berriak ikasteko. Hain da honela, ezen behin etxeko txori kantari horietako batek The Keel Row eta Mosquitoes Dance abestiak ikasi omen baitzituen. Halako batean etxetik alde egin zuen, eta basoan bizi harrezkero. Txoria hil eta urteetara, abestiok kantatzen zekiten txoriak aurkitu zituzten baso hartan.

Ez da harrigarria John Deek-eta sinestea txorien hizkuntza aingeruen hizkuntza dela, eta aingeruen hizkuntza dakienak aingeruekin hitz egin dezakeela.

Orain, gelditu nirekin, eta ikasi txorien mintzo sekretua.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...