Albistea entzun

LARREPETIT

Trebiñu Araba da

Blanca Urgell -

2023ko ekainak 7

Etxetik Gasteiz mendiak ikusten ditut eguna argia denean. Oinez joan naiz mendiez bestaldera, gasteiztarrok ezin ezagunago dugun 11 kilometroko Okina-Saseta ibilaldi zoragarria eginez Ihuda ibaiaren arroan zehar.

Atzo autoz joan ginen, baina, mendien bestaldera, Argotera, Juan Carlos Aguillo goizegi zendua agurtzeko eta familiako adiskideei gure doluminak adierazteko.

Saseta eta Argote Trebiñuko barrendegiko herriak dira. Aguillo Trebiñu Konderriko alkatea izan zen 1999-2007 artean Trebiñu Konderria Talde Independentearen izenean, 1998an Trebiñuk Burgos utzi eta Araban sartzeko erreferenduma egitearen alde biztanleen %68k bozkatu eta gero. Trantsizioaren aldarrietako bat zen, edozein manifatan oihukatzen genuena: gaur ez dakit noraino den ezaguna. Aguillo ikaragarri mugitu zen hori lortzekotan. Honako hau esan zuen orduan: «Ez gara inoiz hain gertu egon lortzetik». Ez zuten lortu, baina berak eta beste askok ez dute horregatik etsi, eta aldarriak hortxe dirau.

Mapa begiraturik, esan genezake Trebiñu Arabaren sabelean dagoela, Arabaren sabela ere badela esan genezake. Ez da handia, ez kilometro karratutan, ezta biztanletan ere, baina handitasuna beste parametro batzuetan neurtuko bagenu, bada handia. Gasteiztik 15 kilometrora egonik, eta Burgostik ehun kilometro pasatxora, trebiñarrak arabarrak balira bezala bizi dira, euskal herritarrak balira bezala artatuak ere badira, eta haietako %20tik goiti euskaldun ere bai.

Erdi Arotik datorren zerbaitez ari gara. EAEko lurraldeak gaurko erara osatuak izatetik urrun zeudenean, Henrike II.a Gaztelakoak Trebiñu Pedro Manrique Larari oparitu zion 1366an, eta 1463an Arabako ermandadeak bat egiten hasi zirenean, Arabatik kanpo geratu zen. Halere, XVII. mendetik dabil lotu nahian.

Juan Carlos Aguillok ez du ikusi, merezi zuen arren, politikan handiak txikia irensten duen mundu honetan. Ikusiko ahal dugu guk.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.