Albistea entzun

KDPk «traizio» egin die kurduei

Irakeko Kurdistanera joan dira zenbait euskal herritar kurduei elkartasuna ematera, Baxurko gazteriak antolatutako martxa batera. Turkiak zona hori okupatu nahi du.
Baxurko gazteriaren protesta une bat.
Baxurko gazteriaren protesta une bat. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Zuriñe Iglesias Sarasola -

2022ko ekainak 19 - Gasteiz

Errepidetik gindoazen eta kontrolgunea baino 200 metro lehenago militarrak zeuden guri itxaroten. 50 inguru egongo ziren, eta denak armatuta zeuden». Horiek dira Aitorren hitzak, eta Anerekin batera —biak izen asmatuak dira—, Irakeko Kurdistanen bizitako zenbait tentsio une azaldu nahi izan dituzte Euskal Herrira bueltatu direnean. Bashurreko, Kurdistango Eskualde Autonomoko gazteek antolatutako martxa batean parte hartu zuten biek duela bi aste, herri kurduari elkartasuna adierazteko asmoz.

Batu askatasunaren aldeko gudara lelopean, manifestariek salatu nahi zuten «turkiar okupazioaren» aurkako jarrera, eta KDP Kurdistango Alderdi Demokratikoak herri kurduari egindako «traizioa». Irakeko Kurdistanen kurduek gobernu autonomo bat dute, KRG Kurduen Eskualdeko Gobernua deiturikoa, eta, hain justu, hor KDPk gobernatzen du. Turkiaren jarreraren harira, herrialde horretako gobernuak iragan apiriletik eraso gogorra abiatu zuen berriro ere mendietako gerlari kurduen aurka, Baxur hegoaldean daudenak, Irakeko Kurdistan okupatu nahian.

Ekinaldi hori salatu nahian, Baxurreko gazteriak antolatutako martxa Koya hirian hasi zen, Baxur ekialdean, eta asmoa zen handik mendebalderako bidea egitea. Baina ezin izan zuten mendebaldeko muga zeharkatu. «KDPkoek eta Barzani familiak kontrolpean duen mugara iristen gindoazen heinean, Poliziak guri eskolta ematen hasi ziren, eta ez ziguten utzi muga pasatzen», azaldu du Anek. Izan ere, Bashur bi zatitan banatzen da: batetik, ekialdekoa, PUK Kurdistango Alderdi Patriotikoa boterean dagoena, Talabani familiaren agindupean; eta, bestetik, mendebaldekoa, KDP boterean dagoena, Barzani familiaren agindupean.

Momentu horretan tentsio uneak bizi zituztela gaineratu du Aitorrek: «KDPk agintzen duen mugara iritsi baino lehen, bertako militarrek geldiarazteko agindua eman ziguten. Kotxeak ere gelditzen zituzten, eta militarrek kotxeetako gidariei agintzen zieten gu geunden lekura joateko, gure martxa bitan zatitu nahi zutelako. Momentu horretan, protesta batzuk hasi ziren, eta militarrek bi pertsona jo zituzten. Beste pertsona bat ere atxilotu zuten, haiei aurre egiten saiatu zelako».

Militar horiez gain, beste 200 polizia gehiago hurbildu ziren manifestariak zeuden lekura. «Esan ziguten hortik joan beharra geneukala, eta protesta moduan, eserialdia egin genuen. Pare bat orduz egon ginen han, eta ikusita ez zigutela utziko pasatzen, buelta eman behar izan genuen, tentsio gehiago egon ez zedin», adierazi du Aitorrek.

Horren harira, Anek gehitu du, hango herritarrek baieztatuta, nabaria zela nazioarteko jendeak parte hartu zuela martxan. «Hango manifestariek esan ziguten soldaduak tentuz eta errespetuz zebiltzala, erasorik egin gabe, nazioarteko jendea zegoelako».

KDPren konplizitatea

Turkia Irakeko Kurdistan okupatzeko ahaleginetan ari da, eta Anek eta Aitorrek KDPk Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearekin duen konplizitatea salatu dute: «KDPk Turkiarekin aliantzan jokatzen du, herri kurduari traizio eginez». Horrez gain, gehitu dute Balzaniren familia bere herria «saltzen» ari dela Erdoganen interesengatik, eta PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aurka egiteko. Alderdi hori legez kanpo dago Irakeko Kurdistanen, eta Europako Batasunak ere legez kanpokotzat jotzen du. Bestalde, Turkiako presidentearen asmoa da, Aitorren ustetan, Otomandar Inperioa berriro ere berreskuratzea.

Turkiako armadak Kandil mendiak eta zehazki Medya Defentsa Zona kolpatu dituzte, eta hain justu, PKK-ko gerrillariak daude han Turkiako erasoari eusten. Horren harira, Anek gerrilla kurduaren defentsa lana goraipatu du: «Turkiako armada askoz ere handiagoa da kurduena baino, eta hala eta guztiz ere, kurduek ongi eutsi diote erasoari. Gainera, arma kimikoak eta guzti erabili behar izan dituzte Turkiako soldaduek kurduei erasotzeko». Horiei buruz, Aitorrek salatu du Europako zenbait herrialdek saltzen dizkiotela arma kimikoak Turkiari, baita AEBek ere. «Arma kimikoen salmentan interes ekonomikoak daude jokoan».

PKK-ko gerrillariek herri kurduaz sentitzen dutena aipatu du Anek: «Haien bizimodua alde batera uzten dute gerran egoteko; baita harreman afektiboak edukitzeko aukera ere, debekatuta baitute». Horrez gain, Anek gaineratu du PKK-k emakumeei gerrara batzeko aukera eman diela, hori baita alderdiaren ideologiaren oinarrietako bat: feminismoa, konfederalismo demokratikoarekin eta ekologismoarekin batera. Anek Kurdistango emakume batek aitortu ziona kontatu du: «Neska batek esan zidan ez zuela nahi bere ama bezala bizi, eta gerrillara joatea zela bera aske sentitzeko modu bat».

Abdullah Ocalan da PKK-ko sortzaile eta erreferente ideologikoa. Anek esan du«jainkotzat» dutela bertako gerrillariek. Ocalan Turkiako kartzela batean dago 1999tik.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Mafapo Positibo Faltsuen Amak elkarteko kide batzuk, artxiboko irudi batean. ©BERRIA

Kolonbiako positibo faltsuak

Cecilia Valdez

Uriberen agintaldian, militarrei emaitzak galdegiteko asmoz aurrera eraman zuten Segurtasun Demokratikoaren Doktrina. Egiteko hark premiaturik, soldaduek milaka gazte pobre exekutatu zituzten judizioz kanpo. Soachan 2007 eta 2008 artean gertaturikoa da adibideetako bat.
 ©DAVID FERNANDEZ

«Marokok ikasi du horrelako ekintzek dirua ematen diotela»

Olatz Silva Rodrigo

Ekainaren 24an Melillan gertatutakoa argitu nahian, ikerketa egin du Lighthouse Reportsek. Eta bertan hartu du parte Jose Bautista kazetariak. Pertsona bat Espainiaren kontrolpeko lurraldean hil zela egiaztatu dute.
Pedro Castillo, Poliziaren autoan, asteazkenean atxilotu berritan. ©RENATO PAJUELO/ EFE

Pedro Castillok Mexikori egindako asilo eskaera berretsi du kartzelatik

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Peruko presidente ohia preso egongo da, oraingoz, hilaren 13ra arte. Dina Boluartek Mexikoren esku utzi du asilo eskaeraren auzia.

Europako Parlamentuak Estrasburgon (Frantzia) duen egoitza. ©EFE

Europako Parlamentuko presidenteorde bat atxilotu dute, ustelkeria egotzita

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Bost lagun atxilotu dituzte guztira. Poliziaren arabera, Qatar Europako Parlamentuan hartzen dituzten erabaki politiko eta ekonomikoetan eragina izaten ahalegindu zen, besteak beste, atxilotuen bidez.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...