Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Gora apirilaren 14a!

2021eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Bada bere urtebetetzea ere ospatzen ez duenik. Eta bada hil zirenen urtebetetzeak, martxoaren 8a, 18a, 21a, maiatzaren 1a, ekainaren 28a, uztailaren 14a, azaroaren 7a eta beste hamabi ospatzen dituenik. Are Thomas Müntzer, Toussaint L'Ouverture eta Lisistrataren segidore euskaldunik. Baina Espainiako Bigarren Errepublikaren efemeridea gogoratu eta ospatzen dutenak amonestatzen dira.

Ospakizun guztiak dira problematikoak (baita urtebetetzeak ere: ez dago inor perfekturik, ospakizunak eta borroka egunak, platonikoak dira), baina Beñat Irasuegi burkideari ikasiz: ospatzen ez dena ez da. Neuk ere baina mordoa jartzen dizkiot Hegoaldeko 31-37 zikloari: gobernarien epela (langile mugimendua zapaltzera dedikatu ziren sarri), burujabetzaren mugak, laikotasunean erradikaltasun falta. Baina gerratik galtzaile atera ziren guztientzat (sozialista, abertzale, sindikalista, komunista, libertario) 31-37 zikloa izan zen ezagutu zuten eraldaketa gauzatzeko garairik nabarmenena. Egun Errepublikari (ezkerretik ala burujabetzatik) kritika egiten diotenek 1978-2021ean egin ez dituzten iraultza saiakerak gertatu ziren orduan: soziala 34an, estatu propioa 36-37an.

Halako batean, gaiarekin inolako loturarik ez duen zerbait okurritu zait. Errepublika gurean ospatu zutenak menosten dituen baten baten aitonak ez ote zuen tabernaren bat errekisatuko 37an, ez ote zuen salatuko norbait 36an, ez ote zen Dibisio Urdinean egongo 43an, ez ote zen izango 25.000 euskal herritar garbitu zituzten milaka euskal herritar horietakoren bat (Condor legioak 300 hil zituen, nafar faxistek 3.200 Nafarroan). Bihotzez eskertu dut Mikel Tabernaren Arkanbele, salbuespen bat. Zeren ilea moztuz zigortu zituzten emakumeei norbaitek moztu zien ilea. Norbaitek ehizatu zituen Ezkabako ihesekoak. Norbaitek salatu milaka auzokide. Garaile hil ziren.

Inor ez da bere arbasoen krimenen erantzule, nahiz eta krimen horien harrapakinei esker hazi. Pentsamendua, hein batean, ez da jaraunsten. Bilobetako asko, zorionez, faxismotik urrun dira,nahiz eta esplikatuko dizuten apirilaren 14a kaka dela espainiarra izan zelako, bere arbaso kriminalak testu-inguruaren seme ziren bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.