Albistea entzun

LARREPETIT

Izan bainintzen Iruñeko alkate

Hedoi Etxarte -

2023ko ekainak 3

Oso deigarria egin zitzaidan, udal hauteskundeetarako kanpaina hasteko bi hilabete falta zirenean, nola bete zen Iruñea Elma Saiz alcaldesa (PSN: 2.000 boto gutxiago eta 27tik bost zinegotzi) eta Koldo alkate (GeBai: 800 boto gutxiago eta bi zinegotzi) jartzen zuten afixekin. Gogoratu nintzen, txikitan, nola helduek esaten zuten oso kezkatuta zeudela mutil guztiek futbolari izan nahi zutelako nagusituko zirenean. Alegia, aberatsak izan nahi zutela. Gerora etorri diren haur askok youtuber izan nahi dute edo, zuzenean, ofizio zehatzik gabe, ospetsu. Krisi sozial, ekonomiko eta ekologiko basati batean gauden bitartean, ez zitzaidan iruditu ñabardura huts bat kanpainotako leloa. Iruñean dauden egiturazko behar nabarmenen aurrean norberak alkate izateko duen ilusioa, kapritxoa, esplizituki adierazteko modu bat iruditu zitzaidan —justifika zitezkeen María Chivite presidenta (PSN) eta Uxue presidenta (GeBai), besteak beste, lehendakari izandakoak zirelako bi hautagaiak—.

Eta Iruñeko Udala ze pertsonaiak, ze ilusiotik, ze profezia autobetetik, gidatuko duen eztabaidatu bitartean, hor daude erronkak, Irati Goikoetxeak zehatz jarri zuen, berriki, horietako bat: Iruñeko haur eskoletan 686 plaza daude, eskaera bikoitza baino gehiago da urtero, aurten 1.574 izan dira. Galdera da: nola da posible ez izatea hori eztabaidagaia, eraiki behar direla sei haur eskola gehiago, Iruñeak behar duela musika eskola bat gehiago gutxienez, milaka zuhaitz berri landatu behar direla, geratu behar dela Gurutze plazako parkingaren astakeria, bidegorrien sistema murritza goitik behera aldatu behar dela, etxebizitzaren auziarekin zerbait egin behar dela.

Erreformismo pixka bat, zer dakit nik, 1970eko urteetan eta 1980koen hasieran, erakunde frankisten azken urteetan egin ziren erabaki estrategikoen erdien erdiaren erdia, adibidez.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...