Albistea entzun

Hitzei forma ematea

'Nortasuna +' erakusketa jarri dute ikusgai Gasteizko Oihanederren. Euskarazko testu, abesti eta olerkietan oinarritutako artelanak dira
RAUL BOGAJO / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2022ko otsailak 9 - Gasteiz

Euskal literaturaren parte diren hainbat testu abiapuntu hartuta, Nortasuna+, zeramikan gorpuztutako hitzak talde erakusketa osatu dute EKG Euskal Keramikagile Garaikideak elkarteak eta Oihaneder Euskararen Etxeak, Gasteizen. Hamabi idazleren olerkiak, abestietako hitzak edo liburuetako pasarteak dira ikusgai dauden artelanen oinarriak: Karmele Jaio, Joseba Sarrionandia, Anari edota Bitoriano Gandiagarenak, besteak beste. Artista bakoitzak hautatutako testuarekin lotu du bere sorkuntza lana, eta hitzei buztinez forma eman dio ondoren. Pieza eskultorikoak dira ikusgai dauden gehienak, baina askotariko formak hartzen dituzte aretoan bertan. Hilaren 27ra arte egongo da zabalik.

Zortzi artistaren lanak daude ikusgai guztira: Ines Gonzalez de Zarate, Txaro Marañon, Ramon Berraondo, Maite Salutregi, Loli Pinedo, Koro Martinez, Jabier Berasategi eta Jone Urainenak. Antolatzaileek adierazi dutenez, belaunaldiartekotasuna lantzea eta euskararen zein nortasunaren inguruan modu «askotarikoago» batean hausnartzea da erakusketaren helburua, baita zeramikagintza ikusaraztea ere.

Izan ere, euskalduntasuna «gero eta modu zabalago eta askotarikoagoan» ulertzeko ahalegin bat egin nahi izan dute artistek. «Gure kultura kontzeptua hizkuntza plastiko komun batetik eskultorikoki gauzatzen ahalegindu gara», azaldu dute. «Eta saiatu gara gure kontzeptuak Euskadiko gainerako kulturekin bateratzen, kultura horiek gure gizartean gaur egun dagoen kolore eta testura aniztasunari laguntzen diotelako. Hizkuntza bat ikasteak ez baitu esan nahi soilik soinuak eta hitzak ikastea; hizkuntzarekin bizitzeko eta gauzak ikusteko modu bat ikasten da».

Taldean , baina bakarka

2019an Vital fundazioan egin zuten Nortasuna. Zeramika garaikidearen erakusketa proiektua du aurrekotzat Oihanederreko erakusketak. Orduko hartan ere euskal nortasunaren inguruan hausnartu zuten, baina harago joan nahi izan dute oraingoan, eta euskara jarri dute ardatz nagusi gisa. «Argi eta garbi geneukan euskal nortasunaren oinarria euskara zela, eta gai hori gauzatzea izan zen gura erronka». Andreei leku berezia eman nahi izan diote, gainera, «nortasuna zabalduz, bikoiztuz». Horregatik jarri diote Nortasuna + izena erakusketari, hain zuzen.

Artistek elkarrekin lan egin dute gogoetan, baina nork bere sormen prozesua izan du gero. «Nork bere lan egiteko dinamika dauka, esan nahi duenaren eta dituen beharren arabera egokitzen dena. Pieza batzuk guztiz berriak dira, eta orain gutxi amaitu ditugu, baina badira aspaldi egindakoak ere». Hemezortzi urte daramatzate elkarrekin sortzen, eta aitortu dute «sinergia bereziak» sortzen direla elkarren artean.

Bestelako jarduerak

Erakusketak iraun bitartean bestelako jarduerak ere izango dira. Gaur, esaterako, Anarik eta Iñigo Astizek Kantatu, maitatu eta zalantza elkarrizketa musikatua egingo dute. Hilaren 17an, berriz, Xabier Amurizak euskara batura ekarrita duen Etxepare, jalgi hadi batura liburua aurkeztuko du; eta, hilaren 20an, Irati Jimenezek Euskal literaturaren historia sobrenatural bat ikuskizuna eskainiko du. Azkenik, otsailaren 27an, erakusketaren itxiera ekitaldiarekin batera, Garatu 2021 programako partaideek erakusketaren harira egin duten dokumentala aurkeztuko dute.

Bisita gidatuek ere izango dira, eta artistek beraiek egingo dituzte: hilaren 12an eta 24an izango dira hurrenak, 12:00etan eta 19:00etan, hurrenez hurren.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sara Azurza abeslaria, bere <em>Hemen berriro</em> diskoa aurkezteko argazki batean. ©ZART KOLEKTIBOA

Emozioak akordeen oinarrian

Miren Mujika Telleria

Sara Azurzak 'Hemen berriro' diskoa kaleratu du, Zart kolektiboarekin. Bizitzaren ziklo emozionala du ardatz diskoak. Askotariko musika estiloak tartekatu ditu kantuetan

Aintzane Galardiren <em>Bakardadearen aintzira</em> poemarentzat Udane Ansak sortutako irudia. ©UDANE ANSA

Poemak urik gabeko itsasoei

Ainhoa Sarasola

Hainbat poetak Ilargiari idatzitako olerkiak biltzen ditu 'Mare' liburuak, ilustrazioz jantzita. Beste hainbat testu luzeagok eta abesti batek osatzen dute proiektua

Judith Jauregik hainbat konpositoreren obrak interpretatuko ditu jaialdian. ©BERRIA

Literatura izango du ardatz Bilboko Musika-Musica jaialdiak

Erredakzioa

Martxoaren 3tik 5era, 70 kontzertu egingo dituzte Arriaga antzokian eta Euskalduna jauregian. Festibalak 1.400 musikari bilduko ditu

Maria Schneider, 2019an, Donostiako Jazzadiaren aurkezpen batean. ©Gorka Rubio / Foku

Maria Schneider eta Brad Mehldau Gasteizko Jazzaldian izango dira

Mikel Lizarralde

Uztailaren 3tik 8ra egingo den 46. jaialdirako baieztatu dituzten lehenengo bi artistak dira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.