Lehen balantzea: 30 eutanasia

Hilaren 25ean urtea beteko da eutanasiak egitea ahalbidetzen duen legea indarrean sartu zenetik Hegoaldean. DMD elkartearen iritzian, gaiaren gaineko informazioa hedatzen jarraitu behar da Arantxa Iraola

Eutanasia legeztatzearen aldeko elkarretaratze bat Donostian, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
arantxa iraola
2022ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Martxoak 18 zituela, iaz, Espainiako Kongresuak onespena eman zion eutanasia onartzeko eta arautzeko legeari; hiru bat hilabeteren buruan ezartzeko xedearekin onetsi zuten, eta iazko ekainaren 25etik indarrean dago. Horiek horrela, orain Hego Euskal Herrian legezkoa da eutanasia egiteko eskatzea, eta, legeak zedarritutako irizpideen barruan, osasun sistemek eskaini beharreko zerbitzu bat da, bermatu beharrekoa. Legearen lehen urtemugaren harira, Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako osasun departamentuek jakinarazi dute 30 eutanasia egin direla denera hamabi hilabeteotan.

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak bost eutanasia egin direla adierazi du, bi eskabide atzera bota dira, eta beste bi aztertzeko fasean daude oraindik. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du 71 eutanasia eskari jaso dituela osasun sistemak, eta 25 egin direla; 22 eskatzaile hil dira eutanasia egin aurretik, eta sei eskaera atzera bota dira. Gainerakoak oraindik ebazteko prozesuan daude. Osasun Sailaren datuen arabera, eskatzaileen batez besteko adina 64 urte da. Batez beste, 45 egunean bideratu dira prozesuak.

Egoera jakin batzuetan da legezkoa eutanasia. Jasota dago legean noiz har daitezkeen aintzat pazienteen eskakizunak: «Era informatuan, argian, eta behin eta berriz egindakoan». Eta «pairamendu» egoeretan beti: «Pertsonak ezin onartuzkotzat daukan eritasun edo pairamendu sendaezin bat nozitzen duelako, ezin izan dena baretu beste bide batzuen bidez».

DMDren «kexuak»

Heriotza duinaren aldeko EAEko DMD elkarteak ohar bat plazaratu du urtemugaren harira. Iaz, legea onetsi berritan, esan zuten eutanasia eskeak aintzat hartzeko zenbait irizpide «zorrotzegiak» zirela, baina abiapuntu on bat izan zitekeela. Gainerako erkidegoekin alderatuta, oro har, eutanasiak egiteko prozedurak ezartzen Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila «aitzindaria» izan dela onartu dute. Hobetu beharrak ere ikusi dituzte, ordea; jakinarazi dute, esaterako, «kexuak» jaso dituztela hainbat eskabide martxan jartzeko atzerapenak egon direlako, hainbat paziente hil direla eutanasia eskatu eta egiteko baimena jaso aurretik, eta atzera bota diren hainbat eskabide ez direla era egokian jakinarazi «garaiz eta forman».

Arazo horietako zenbaiten atzean «esperientzia falta» egon daitekeela onartu dute. EAEn DMDn susmoa dute, ordea, zenbait arazoren atzean «beldurra» ere badagoela, eta, areago, legearen zenbait irizpideren gaineko «desadostasuna» sumatu dute zenbait kasuren berri izan dutenean. Horiek horrela, gogoratu dute ezinbestekoa dela legearen gaineko informazioa «hedatzen» jarraitzea; osasun profesionalen artean, eta gizarte osora begira, oro har. Lege honen inguruko informazioa zabaltzea ez ezik, bizitzaren amaierari buruzko eskubideez eta betebeharrez ere usuago mintzatzea ezinbestekoa dela uste dute.

Gutxi landuta

«Beharra» zelakoa den nabarmentzeko datu bat eman dute elkartean: aurretiazko borondateen agiriak, adibidez, soilik herritarren %1,7k dituzte eginak gaur egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Agiri horiek tresna aski argigarriak izaten dira pazienteentzat heriotzaren atarian edo sendabiderik gabeko gaitzak dituztenean, zer arta mota nahi duten hortxe jasota uzten baitute. Horregatik, Osasun Sailari eskatu diote gaiaz informazioa zabaltzeko espazioak sortzeko, bere zabalean: «Osasun zentroetan, erietxeetan, egoitzetan...».

Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurainek Nafarroako Parlamentuan egin zuen, joan den astean, legeak eman duenaren balorazioa. Onartu zuen ez dela «erraza» izan eutanasiak egitea bermatuko duen sare bat eta prozedura bat ehuntzea , «gabeziak» izan direla bidean, baina uste du oro har era «arrazoizkoan» bideratu ahal izan dela dena. Nabarmendu egin zuen, besteak beste, trebakuntzaren alde egin duten hautua: zortziehun profesionalek gaiarekin lotutako ikastaroetan-eta parte hartu dute. Indurainek goraipatu egin zuen, halaber, herrialdean ebaluaziorako eta bermerako eratu duten batzordearen lana; «lan oso serioa egiten ari dira, zorrotza, bermatzailea». Tankerako batzordeak erkidego guztiek eratu behar izan dituzte, eta eutanasia eskeek ezin dute aurrera egin horien oniritzirik jaso gabe.

Trebakuntzan egin duten lana goraipatu zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik ere. 5.000 profesionalek baino gehiagok propio legearekin lotutako jardunbideen inguruko prestakuntza jaso dute, eta harrera «positiboa» izan du, oro har, legeak osasun langileen artean. Datu bat ere eman zuen: %2,5 dira kontzientzia eragozle.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.