Urrutikoetxeari ebakuntza egin diote, atxilotu eta hiru hilabete eta erdira

Astelehenean operatu zuten prostatatik, Parisko erietxe batean. Berriro kartzelara eraman dute

enekoitz esnaola
2019ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Frantziako Poliziak maiatzaren 16an atxilotu zuen Josu Urrutikoetxea, ETAko kide zen militante historikoa, Alpeetan, Sallanches herrian, erietxera premiaz prostata ebakuntza bat egitera zihoala. Ebakuntza ez zioten egin orduan, preso sartu baitzuten, baina urologoak ohartarazi zuen hilabete baten buruan eginbeharko zitzaiola. Hiru hilabete eta erdira egin diote: joan denastelehen eguerdian, Parisen,Cochin ospitale publikoan, etaasteartean berriz ere La Sante kartzelara eraman zuten.

Pare bat ordu iraun zuen ebakuntzak, baina sendiak ez du jaso informaziorik edo mediku txostenik. Egoitz Urrutikoetxeak atzo goizean bisitatu zuen aita Parisko espetxean, hiru ordu laurdenez, aurrez lotutako hitzordu bat zela medio. BERRIAri azaldu dio aitaren azalpenen arabera ebakuntza «ongi» joan zela, baina ondorio fisiko logikoekin ikusi duela, «ahul»; hala ere, «animikoki ongi» sumatu du.

Etxerat elkarteak abuztuaren 9an jakinarazi zuenez, Frantziak atxiloketaren ondotik «galdu» egin zuen Urrutikoetxearen mediku txostena, eta La Santeko zerbitzu medikoek asteak behar izan zituzten txostena berrosatzen hasteko. Uztailaren 15ean ziren ebakuntza egitekoak, baina ezeztatu egin zuten, «Justizia zerbitzuen aginduz», Etxerat-en arabera; uztailaren 29an ere ez zioten egin, «presondegiko administrazioaren axolagabekeriagatik»; izan ere, ez zuten gutxieneko sendabide protokoloa hasia. Gainera, erietxeko medikuak ohartu ziren beste infekzio bat zuela euskal presoak. Infekzio hori gainditu ostean egin zioten ebakuntza,astelehenean. Orain arte, hilero zunda bat jarri diote Urrutikoetxeari. Atxilotu aurretik, egunak zeramatzan pixa egin ezinda eta jan ezinda.

Familiak uztailaren 31n bisitatu ahal izan zuen lehen aldiz espetxean, hartarako baimena jaso ondotik. Bost lagunek dute hurabisitatzeko aukera, Frantziak hala erabakita: Urrutikoetxearenseme Egoitzek eta haren bikotekideak; alaba Iratik eta haren bikotekideak; eta Josuren bikotekideak. Egoitz Urrutikoetxeak laugarren bisita izan zuen atzokoarekin. Presoak oraindik ez du gutunik jaso; Parisek blokeatuak dizkio eskutitz guztiak. Urrutikoetxea da La Sante espetxean dagoen euskal preso bakarra.

Baldintzapekoaz, hilaren 11n

Sendiari atzo baieztatu ziotenez, irailaren 11n izango da Josu Urrutikoetxea baldintzapean aske uzteko eskaerari buruzko bigarren auzi saioa, Parisen, estradizioen instrukzio auzitegian, 14:00 aldera. Presoaren abokatuek kontrolpean libre uzteko eskatuko dute, Justiziaren kontrolpean egoteko «bermeak» badaudelako eta osasunez larri dagoelako. Gainera, abokatuek argudiatuko dute ekainaren 19ko saioan Frantziako Dei Auzitegiak ebatzi zuela Urrutikoetxea baldintzapean aske uztea. Egun hartan, ordea, La Santetik kalera irtetear zela, Poliziak atzeman egin zuen berriro, Espainiaren eskari bat zela medio. Fiskaltzak aske ez uzteko eskatuko du hilaren 11ko saioan.

Espainiak Urrutikoetxearen aurkako bi euroagindu ditu eskatuak, gizateriaren kontrako krimenak leporatuta eta herriko tabernen auziagatik. Baita bi estradizio ere, Luis Herguetaren (1980) eta Zaragozako kuarteleko (1987) hilketetan ardurarik izan zuelakoan. Frantzia, berriz, bi epaiketa egitekoa da: ETAren zuzendaritzako kidea eta 2011-2013an Osloko elkarrizketagunean ETAren egiturako kidea izatea egotzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.