Koronabirusa

Senideengana joateko mugak

Neurri berrien inguruan sortutako zalantzak argitzeko hainbat irizpide eman ditu Jaurlaritzak

Ertzaintzaren kontrol bat, atzo, Iurretako bidesarian (Bizkaia). MIGUEL TOÑA / EFE.
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Asteartetik daude indarrean Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez hartutako neurri berriak, baina horietako askok zalantza ugari sortu ditu herritarren artean, eta horiek argitzeko irizpideak eman behar izan zituen atzo Urkulluren gobernuak. Goizean eman zituen argibideak Ertzaintzaren zuzendaritzak —erdara hutsez bidali zituen udaletara, eta horri buruzko kexa bat egin du Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak—, eta, iluntzean, dokumentu batean bildu zituen Jaurlaritzak. Besteren artean, ezarri du senideak bisitatzea«laguntza eta zaintza lanetarako» soilik dagoela onartua, ez besterik gabe bisitan joateko, eta «familia lotura» justifikatzeko egiaztagiria beharrezkoa izango dela.

Zein hartzen da alboko udalerri gisa?

Bizileku ondoan dagoen udalerria: bizilekutik zuzenean sartzen den herria, mugakide ez diren beste udalerri batzuetatik igaro gabe.

Joan daiteke senideak bisitatzera ezinduak badira?

Ezin da besterik gabe bisitatzera joan, ezta menpekotasunen bat badute edo egoera zaurgarrian egonda ere. Soilik laguntza eta zaintza lanetarako joan daiteke.

Bisita ditzakete aiton-amonek bilobak beste herri batera?

Jaurlaritzak argitu du «bisita» eta «zaintza» ez direla gauza bera. Familia bisita bada, ez dago baimenduta. Adingabea zaintzera joanez gero, bai.

Zaintzarako joan-etorria justifikatu behar da?

Bai. Adinekoen edo adingabeen zaintzaren kasuetan, egiaztagiria eraman beharko da; horretarako, «familia lotura» frogatu beharko da eta zainduko den pertsonaren indentifikazio datuak eman beharko dira.

Joan daiteke espetxera bisitan?

Bai, baldin eta espetxeko agintaritzak emandako baimena izanez gero. EAEtik kanpoko kartzeletara joatea ere baimenduko da, baldin eta helmugako erkidegoak ez baldin badu sarbidea debekatua.

Erosketetara joan daiteke udalerritik at?

Bizileku den udalerrian edo albokoan erosi behar dira elikagaiak eta bestelako produktuak. Herrian edo alboan ez badago erosi nahi den produktua, «salbuespenez» joan ahalko da beste herri batera, baina betiere bizileku den herritik ahalik eta gertuen dagoen saltoki batera joan beharko da.

Kultu lekuetara joateko mugi daiteke herritik?

Soilik bizi den udalerrian edo albokoan halakorik ez badago, eta betiere hurbilen dagoen tokira.

Autoarekin beste herri bateko tailerrera joatea onartua dago?

Bai, baldin eta tailer horretara joatea «atzeraezina, nahitaezkoa eta aurrez aurre egin beharrekoa» baldin bada.

Joan daiteke adinekoen egoitzetara?

Bai, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, zentroak berak baimendutako bisitak badira.

Baratzera joan daiteke?

Bizileku den herrian edo albokoan dauden baratzeetara soilik.

Bigarren etxebizitzara joan daiteke?

Bizileku den herri berean edo albokoan badago soilik.

Arrazoi sindikalengatik edo antzekoengatik mugi daiteke?

Bai. Arrazoi sindikalengatik edo alderdi politiko, enpresa, elkarte eta antzeko jarduerengatik lekualdatzea onartuta dago, jardun instituzional gisa jotzen direlako.

Hilerrira joan daiteke?

Soilik bizileku den herrikora edo albokora.

Norbaiten bila joan daiteke aireportura?

Bai, senidea baldin bada, eta etxera bueltan etortzeko soilik.

Kirola egitera edo entrenatzera joan daiteke udalerritik at?

Ezin da beste herri batera joan, non eta ez daukan kirolari profesionala edo erdi profesionala dela egiaztatzeko ziurtagiririk.

Aire zabalean kirola egin daiteke taldean?

Bakarka egin daiteke, eta, taldean bada, gehienez ere sei lagun.

Bizileku ez den herriko kiroldegira joan daiteke?

Alboko herriko kiroldegira soilik —eta norbere herrikora, jakina—.

Beste erkidego batera joan daiteke ehizara edo arrantzara?

Ez. Ehiza, arrantza edo halako jarduerak soilik bizileku den herrian edo albokoan egin daitezke.

Bizitokitik kanpoko kontzertu batera joan daiteke sarrera izanda?

Bai, baldin eta jarduera udalerri mugakidean egingo bada eta sarrerarekin behar bezala justifikatzen bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.