Sindikatuek etziko grebari eutsiko diote Osakidetzako lehen arretan

Zuzendaritza Nagusiak uda garairako hobekuntzak proposatu ditu, baina ez dituzte ontzat jo

Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Etzi, astelehenean, Osakidetzako lehen arretako zerbitzuetako 5.000 langile inguru grebara deituta daude. Hirugarren greba eguna izango dute, apirilaren 12an eta maiatzaren 17an egindakoen ostean. Gehiengo sindikalak antolatu du mobilizazioa: ELA, ESK, LAB, SATSE, CCOO eta UGTk, baita Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak ere. Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak mahai sektorialera deitu zuen atzo, proposamen bat egiteko deialdia bertan behera utz zezaten. Sindikatuek ez zuten ontzat jo, eta grebari eutsi diote.

Osakidetzak bi ildotan egin ditu proposamenak. Batetik, uda garaira begira, eskaini du oporretan egongo diren langileak ordezkatzeko 3.000 lanaldi gehiago jartzea. Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendari nagusiak azaldutakoaren arabera, horren bitartez lehen arreta zerbitzuan «osasun laguntza bermatuko» litzateke, eta profesionalen «lan karga murriztuko». Bestetik, uda garaian lehen arretako zentroetan «zerbitzuaren kalitatea bermatzeko» beste neurri batzuk jarri ditu mahaian zuzendaritzak: besteak beste, gaixoaldiak lehen egunetik ordezkatzea eta lantaldearen egitura sendotzea, arduradun gehiago jarriz.

«Berandu» eta «mugatuak»

Sindikatu guztiek ondorioztatu dute proposamena «berandu» heldu dela, eta mahai sektoriala greba egunaren aurreko ostiralean deitu izana kritikatu dute. Gaineratu dute proposamenak «mugatuak» direla, soilik udara begira eginikoak direla. Neurri horiekin ere lehen arretako osasun zerbitzua «murriztuko» litzatekeela uste dute. «Ez diote heltzen osasun etxeetan dagoen benetako arazoari».

Sindikatuek nabarmendu dutenez, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak osasun etxeetako ordutegiak murriztuko ditu, eta, horrez gain, osasun etxe batzuetan, ardura bereko bi profesional egon beharrean lanean, bakarra egongo da. Hori ikusita, etziko greba mantentzea erabaki dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.