Airearen kalitatea «ona» da, Jaurlaritzak egindako neurketen arabera

Trafikoko gas emisioekiko «kezka» agertu du Ingurumen sailburuak. Airearen kalitatearen indizea erakusteko aplikazioa jarri dute martxan

Trafikoaren kutsadura aztertu dute, besteak beste. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Iazko airearen kalitatearen inguruko txostena argitaratu du Eusko Jaurlaritzak. Jasotako datuen arabera, balorazio positiboa egin du Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak. Haren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan arnasten den airea «ona edo oso ona» da. Neurtu diren kutsagarriak araudiak ezarritako mugen azpitik daudela nabarmendu du sailburuak. Oro har, kezka iturria trafiko gehien dagoen eremuetan dago: «Une honetan ez dago alarma egoerarik, baina, trafikoari lotuta, hiriguneetako fokuei erreparatu behar diegu».

Airearen kalitatearen neurketa egiteko, 53 estazioko sarea du Jaurlaritzak hiru lurraldeetan, eta bertan zortzi kutsatzaile neurtzen ditu; zehazki, osasunerako kaltegarriak izan daitezkeelako emisio muga ezarrita dutenak: nitrogeno dioxidoa, sufre dioxidoa, karbono monoxidoa, troposferako ozonoa, metalak, bentzopirenoa eta 2,5 eta 10 mikroiko partikula esekiak. Dena den, estazio guztiek ez dituzte kutsatzaile denak neurtzen.

Horien banakako neurketak ondorio komun bat izan du: denek betetzen dituzte araudiak ezarritako mugak; eta, ondorioz, sailburua pozik agertu da emaitzekin. Ohartarazi du azken urteetan airearen kalitateak hobera egin duela: «Egun, joan den mendeko 70eko eta 80ko hamarkadetako balioekin alderatuta, airearen kalitatea askoz hobea da».

Arriolaren aburuz, industriaguneetako emisioen kontrolaren emaitza da hobekuntza. Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak balorazioaren subjektibotasunari erreparatu dio; hau da, zeren arabera baloratzen den airearen kalitatea: «Erraza da datuak bihurritu eta banakako zenbaki solteak botatzea, baina ez dago erakusle zehatzik esateko airearen kalitatea ona edo txarra den». Ohartarazi du «legezkoa» izanagatik «kezkatzeko» zenbait elementu badaudela: «Esaterako, enpresetan ez da aire ikuskaritza nahikorik egiten, eta estazioak ez daude gaurkotuta; enpresak azkar eta askotan lekualdatzen dira, eta airearen kalitatearen kontrolerako eremuak, ordea, ez».

Zenbait datu aipatu ditu Arriolak, eta, nitrogeno dioxidoaren kasuan, alderaketa egin du. Izan ere, 2017an Bilboko Maria Diaz de Haro kaleko estazioan behatu zuten nitrogeno dioxido kantitateak araudiak ezarritako urteko kutsadura muga gainditzen zuela. Orduan, Bilboko Udalarekin batera, airearen kalitatearen egoeraren mapa bat osatzeko plana jarri zuen martxan Ingurumen Sailak, egoera hobetzeko neurriak ezartzeko asmoz. «Neurri zehatzak hartu dira, batez ere trafikoari dagokionez, inguruan eta hiriburu osoan». Sailburuak erantsi du emaitzak hobetu egin zirela 2018an.

Oterok beste kezka bat ere plazaratu du: «Ingurumena eta osasuna uztartu behar dira; airearen kalitatearen eta osasunaren arteko lotura erreala ezagutzeko azterlanak garatu behar dira». Izan ere, Europan egindako zenbait ikerketak diotenez, airearen kalitate txarrak herritarren heriotza goiztiarra eragiten du. Euskal Herrian ez dago halako ikerketarik, ezta horren inguruko daturik ere. Hortaz, Osasun Sailarekiko harremana estutzeko eskatu dio Ingurumen sailburuari.

Kontrolerako bi tresna

Era berean, sailburuak airearen kalitatea neurtzeko bi tresna aurkeztu ditu: airearen kalitatearen indizea, kutsagarrien kontzentrazioa eta bilakaera indizea kontsultatzeko aukera ematen duen aplikazio mugikor bat; eta laborategi mugikor berri bat. Bi neurriak kontrol eta informazio tresnak hobetzeko «ahalegin» gisa aurkeztu ditu Arriolak. Oterok salatu du neurriok ez direla martxan jarri borondate politikoaren bidez, baizik eta «oposizioak eragindako presioaren ondorioz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.