Migratzaileen arteko mailaketa salatu dute herri mugimenduek

Ekhi Erremundegi - Iosu Alberdi
2022ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako eta Euskal Elkargoko lehendakariak Hilanderasko harrera zentroan zirela, 32 migratzaile ailegatu ziren eraikinera, Cadizetik (Espainia) Irunera (Gipuzkoa) iritsi berriak. Haiekin batera zegoen Irungo Harrera Sareko kide Josune Mendigutxia. Zentroen beharra nabarmendu du, baina erakunde publikoek afrikarrekiko erakutsitako jarrera kritikatu du: «Batzuei alfonbra gorria jarri diete, eta besteek aspalditik dute marra gorri bat».

Mendigutxiak azaldu du beharrezkoa dela Ukrainatik iristen diren herritarrei arta bermatzea, baina salatu du Afrikatik ailegatutakoek ez dituztela eskubide berak: «Haien bila ez da inor joaten, ez diete harrerarik egiten. Haientzat dena trabak dira». Harrera Sareko kidearen esanetan, gainera, erakundeek ez dute jendaurrean azaltzen zentroetan plaza bat lortzeko hainbat irizpide daudela: hala nola Espainiako Estatuan urtebete baino gehiago ez igaro izana eta Europako Batasuneko beste estatu batetik kanporatu ez izana. Horiek hala, gogorarazi du Irunera iristen diren migratzaileek harrera ez dutela bermatuta: «Denentzat eskubide berak eta harrera duin bat nahi ditugu. Denak pertsonak gara».

Amaia Fontang Etorkinekin elkarteko kideak ere nabarmendu du harrera errefuxiatu guziei egin behar zaiela: «Ukrainan gertatzen denak legitimatzen du errefuxiatuak hartzea, eta Frantziako Estatuaren iniziatiba ontzat ematen dugu. Baina ulertzen eta onartzen ez duguna da bi migrante mota desberdintzea». Frantziako Estatuak ez du betetzen bere harrera politika, Fontangen hitzetan: «Gure sarea ere ukrainarrak errezibitzen ari da, baina baita Ukrainatik heldu diren errefuxiatu afrikarrak ere. Poloniako mugan, baita beste muga batzuetan ere, Ukrainan legalki bizi ziren afrikar jatorrikoak ez dituzte pasatzen uzten».

Fontangek oroitarazi du (Lapurdi) Baionara iristeko bidearen segurtasuna ere arazo bat dela. «Inguruko auzapezek babesa erakutsi dute, baina, neurriak hartzekotan, Euskal Elkargoaren ardura ere bada». Instituzioak hautetsien deiari erantzun behar diola baieztatu du: «Badakigu prefetak ez duela mugitu nahi: segituko dute kontrolekin, migranteen kontrako ihiziarekin eta laguntzaileen atxiloketekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.