Albistea entzun

Baionan immigrazio lege berriaren aurka mobilizatzera deitu dute

Larunbatean iragango da mobilizazioa. «Migrazio politika duin baten alde» egingo dute

Garazi Aduriz Zuñeda -

2023ko martxoak 21 - Baiona

«Immigrazioa kontrolatzeko eta integrazioa hobetzeko» lege proposamen berria salatzeko bildu ziren Ipar Euskal Herriko hainbat erakunde atzo. «Testuinguru sozial latz batean kokatzen da», azpimarratu zuen Amaia Fontang Etorkinekin Diakite elkarteko kideak. Izan ere, Frantziako Gobernuak indarrez pasarazi zuen erretreten erreformaren lege proposamena, eta kezka dute immigrazio legearen proposamenarekin gauza bera egingo ote duen. «Giza eskubideen urraketa» bat dela adierazi zuten erakundeek. Horregatik, mobilizatzera dei egin zuten Etorkinekin Diakite, LAB, EH Bai, Bizi, ELB, Europa Ekologia-Berdeak, Ensemble, NPA eta Attac eragileek. Larunbatean elkartuko dira, 16:00etan, Baionako herriko etxean.

Immigrazioari buruz eginiko bigarren lege proposamena da Macronen gobernupean —lehena 2018an onartu zen—, eta otsailean aurkeztu zuen Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak. Neurri sorta horretan, bi nagusitzen dira: asilo sistema erreformatzea eta tentsioan diren lan arloetan aritzeko egonaldi baimen berezien sortzea. Martxoaren 28 eta 31 bitartean ukango du Frantziako Senatuak lege proiektuari buruz eztabaidatzeko tartea, eta apirilaren 4an bozkatuko dute. Frantziako Asanblean, berriz, ekainean bozkatu beharko lukete.

Ikusi gehiago: Darmanin lege proiektuari buruzko zehaztapen gehiago

Asilo sistemaren erreformak «kontrola areagotzea» ekarriko du, Fontangen aburuz: «Instrukzioak gero eta fiteago egingo dituzte, jendea ahal bezain fite kanporatzeko». Izan ere, orain kanporatze aginduen «%20» betetzen dira «gehienez», Nina Chaiz CIMADEko langilearen arabera, eta hori gogortzea du helburu Frantziako Gobernuak. Lan neurriari dagokionez, etorkinak lanik «prekarioenetara» soilik bideratuko dituztela azpimarratu zuen Fontangek. «Erreforma hau politikoa eta ideologikoa da, eskuinari mesede egiteko, eta espero izatekoa da oinarrizko lege proiektua oraindik gehiago gogortzea», borobildu zuen.

Hitzetatik ekintzetara

Frantzian egingo den Elkartasunerako eta Arrazakeriaren Aurkako Martxa dinamikarekin bat eginez antolatuko dute Ipar Euskal Herrian Baionako mobilizazioa. Larunbatean izango da, 16:00etan, herriko etxean. «Jendea aktibo izatea nahi dugu; horretarako, edonork parte hartzeko zerbait antolatuko dugu», azaldu du Eñaut Aramendi LABeko kideak. «Migrazio politika duina eta elkartasunezkoa» aldarrikatu nahi dute.

Bestalde, hainbat eragile dokumentu bat prestatzen ari direla adierazi dute. Migrazio politika duin baten aldeko proposamen batzuk bilduko dituzte hartan, senatariei helarazteko.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Kilometroak jaiaren une bat, gaur, Errenterian (Gipuzkoa). ©Maialen Andres / Foku

Kilometroak 2023, «marea bizi bat» Errenterian

Arantxa Iraola

Gipuzkoako ikastolen festak jendea erruz erakarri du, giro paregabean

Ikasle batzuk pantailen bidez ikasten, artxiboko irudi batean. ©GORKA RUBIO / FOKU

EZ ETSAI, EZ PANAZEA

Oihana Teyseyre Koskarat - Ion Orzaiz - Irati Urdalleta Lete

Ordenagailuak eta arbel digitalak Euskal Herriko eskolen parte bihurtu dira, baina hezkuntzaren digitalizazioa kezka ere pizten ari da azkenaldian. Adituek iritzia eman dute, eta hauxe ondorioa: ezer ez da zuri edo beltz, eta erabaki guztiak hausnartuta hartu behar dira.

Ikasnova gunea, Nafarroako ikastetxe batean. ©NAFARROAKO GOBERNUA

Iruñea. Ikasgela bat hezkuntza berritzeko

Ion Orzaiz

Iruñeko San Frantzisko ikastetxea Ikasnova proiektura batu zen iaz. Chromebook-ak erabiltzeaz gainera, eskolaren metodologian txertatu dituzte robotika eta IKTak, «edukiak beste era batera lantzeko».
Ikasleak Luberri sistema eragilea erabiltzen, Antigua-Luberri ikastetxean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Donostia. Arazoari etxeko konponbidea

Irati Urdalleta Lete

Donostiako Antigua-Luberri eskolan Luberri sistema eragile «propioa» garatu dute. Dagoeneko zenbait eskolatara zabalduta dago.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...