231 haurdun artatu dituzte indarkeria matxistaren aurkako zerbitzuetan

Indarkeriaren biktimentzat haurdunaldia «zaurgarritasun bereziko bolada» dela azaldu du Nerea Melgosa Jaurlaritzako sailburuak

Mediku bat emakume haurdun bat artatzen. BERRIA.
Isabel Jaurena.
2023ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
231 emakume haurdun. Horiek guztiak artatu ditu Satevik, indarkeria matxistaren biktimentzat Eusko Jaurlaritzak duen zerbitzuak, 2006az geroztik. Joan den urtean 22 emakume haurdun artatu zituen, eta 2021ean, berriz, 23. Bikotekideen edo bikotekide ohien bortizkeria pairatzen dute, Nerea Melgosa Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak atzo azaldu zuenez: «Haurdunaldia zera da, tratu txarrak ematen dituzten gizonek emakumeen gainean kontrol handiagoa duten bolada, emakumeen barruan beraiena den zerbait daramatela sentitzen baitute».

Hala, haurdunaldia «zaurgarritasun bereziko bolada» dela erran zuen, eta azpimarratu emaginen rola bereziki garrantzitsua dela garai horretan, «emakume haurdunek gehien bisitatzen dituzten profesionalak» baitira. Indarkeria «emaginen kontsultetan hauteman» daitekeela nabarmendu zuen: «Bertan daudenean, [gizonek] dena kontrolatu nahi dute: haurdunaldian zer jan dezaketen, zer egin dezaketen, zenbat gizendu diren, zer bitamina osagarri hartu behar dituzten, hurrengo kontsulta orduen egunak... dena».

Amaren sabelean dauden ume horiek ere «indarkeria matxistaren biktima» direla erran zuen. Horiek kontuan hartuta, Satevik iaz artaturiko emakume guztietatik erdiek baino gehiagok zituzten seme-alaba adingabeak: 1.190 adingabe baino gehiago zeuden «babesik gabe», atzo jakinarazi zutenez.

2022ko memoria

Melgosaren erranetan, Satevik 1.379 andre artatu zituen 2022an. Gehienek urteak zeramatzaten tratu txarrak pairatzen, eta ia %5ek, urte bat baino gutxiago. Artatutako hamar emakumetik bederatzi bikotekidearen edo bikotekide ohiaren biktimak ziren; gainerakoak, sexu askatasunaren aurkako delituen edo familia barneko indarkeriaren biktimak.

Bortizkeria bikote harremanean jasan dutenen artean, guztiek pairatu dute indarkeria psikologikoa, bakarrik edo bertze tratu txar batzuekin batera. Melgosa: «Hori indarkeriaren berezko eta ohiko ezaugarria da, biktimen menderatzea, kaltea eta kontrola lortzeko ematen den lehenengo tratu txarra baita».

Indarkeria psikologikoa ez ezik, fisikoa, sexuala edo ekonomikoa ere jasan dute emakume artatuek. 2022an artatu zituzten emakumeen erdiek bortxa fisikoa jasan zuten; hamarretik hiruk, ekonomikoa; eta hamarretik batek, sexu indarkeria. «Ukitzeez edo bortxaketez gain, sexu eta ugalketa eskubideen urraketa edo ezkontza bortxatuak ere sexu indarkeria dira. Kategoria horretan sartzen da emakume bat abortatzera edo hori galaraztera behartzea ere», azaldu zuen Melgosak.

Satevi doako zerbitzua

Indarkeria matxistaren biktimak laguntzeko doako telefono zerbitzua da Satevi. Jaurlaritzak gogoratu du 24 orduko zerbitzua dela, urteko egun guztietan eskura dagoena. Anonimoa da, eta ez du arrastorik uzten telefonoaren fakturan.

Melgosa honela mintzatu zitzaien indarkeria matxista jasan duten emakumeei: «Telefonoaren beste aldean laguntza aurkituko duzue. Telefono horretan, emozioei eusten laguntzen duten profesionalak daude, orientazioa eta informazioa ematen dutenak, krisi eta larrialdietan arta ematen dutenak, eta beste zerbitzu batzuetara bideratu eta haiekin koordinatzen direnak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.