AEMk ohartarazi du «areagotu» egin dela Poliziaren jazarpena

Salatu du mugimenduko kide batzuen etxeetara eta autoetara sartu direla. Halere, «militantziarako eskubidea aldarrikatzen» jarraituko du

AEMren agerraldi bat Bilbon, iazko urrian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jon olano
2019ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Espainiako Poliziak Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduko zenbait kideri egindako «jazarpena areagotu» egin da azkenaldian, AEMk ohar batean jakinarazi duenez. Azaldu du mugimendua sortu zenetik jasaten ari direla jazarpen hori, baina orain «jarraipenei eta bat-batean jarritako errepide kontrolei militante batzuen etxeetan eta autoetan egindako sarrerak» gehitu behar zaizkiela: «Kasu guztietan hankaz gora utzi dute dena, baina ez dute inoiz ezer ostu, eta, beraz, ondoriozta daiteke ez direla lapurreta kasuak».

Sarrera horiek «denboran eta formetan bat» egiten dute, AEMren arabera, «eta antzeko funtzioak aurrera eramaten ari diren militanteen kontra burutu dituzte». Mugimenduak Valentin Diaz Blanco Guardia Zibileko koronelak maiatzean egindako adierazpen batzuekin lotu ditu gertakari horiek; orduan, Diaz Blancok jakinarazi zuen «ikerketa bat» abian dutela AEMren aurka; esan zuen, besteak beste, militante batzuk «monitorizatuak» zituztela.

Hori horrela, AEMk babesa agertu die jazarritako kideei, eta «militantziarako eskubidea aldarrikatzen» jarraituko dutela gaineratu du: «Inoiz baino argiago esango dugu borroka egitea zilegi dela». Hain justu, hori izango da AEMk hilaren 24an Bilbon egingo duen martxaren leloa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.